SORTUREN KONGRESUA

Sorturen barnean ezinen da inolako «korronterik» artikulatu

Asteburuan 1.876 akreditatuk bozkatu dituzte 'Herrigaia' txostenari eginiko zuzenketa partzialak. Aitzina egin duten zuzenketa guztiak Nazio Kontseiluak babestutakoak izan dira.

2017an egin zuten Sorturen aitzineko kongresua. Irudian, kongresuaren akaberako ekitaldia, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko abenduaren 20a
15:32
Entzun

Sortuko militanteek asteburu honetan izan dute Herrigaia txostenari eginiko zuzenketa partzialak bozkatzeko aukera, eta, Nazio Kontseiluak ohar baten bidez adierazi duenez, Sorturen «apustu politikoa indartuta» atera da bozketatik. Bertzeak bertze, erabaki dute ezinen dela Sorturen barnean «inolako korronterik edo espazio politikorik artikulatu edo antolatu», horrek «barne kohesioari kalte» eginen liokeelako: «Bozkatutako zuzenketen bidez garbi geratu da Sortu ezin dela koalizio edo antzeko zerbait izan», azaldu du Nazio Kontseiluak. Bertze berritasun bat ere gehitu dute: hemendik aitzinera, bozkatzeko eskubidea «sortzaileek» baino ez dute izanen. Alegia, Sortuko kideek. Kongresuak, berriz, bortz urtean behin eginen dituzte hemendik aitzina.

Guztira 1.876 akreditatuk bozkatu dute hainbat militantek proposaturiko 119 zuzenketa partzialen alde edo kontra. Ildo politikoari eginiko zuzenketen artean, 70etik 46k egin dute aitzina. Antolaketa eta funtzionamenduari aurkeztutako 49 zuzenketetatik, berriz, 36 onartu dituzte. Nazio Kontseiluak nabarmendu du aitzinera egin duten guztiak hark babesturikoak izan direla. Sorturen ustez, parte hartzea «handia eta oso positiboa» izan da, «jakinik zuzenketa partzialen bozketak ahalegin handia» eskatzen zuela.

Txostena itxita, hemendik aitzinera zuzendaritzako kideak aukeratu beharko dituzte. Etzi aurkeztuko dituzte hautagaitzak: Nazio Idazkaritza osatuko duten hamar kideak eta herrialdeko arduradunak. Nazio Kontseilua osatzeko, berriz, akreditatuek bertze hamabortz lagun hautatu beharko dituzte banan-banan: hamar «nazio irizpidez», eta bana «herrialde irizpidez». Urtarrilaren 5era arte aukera egonen da bertzelako hautagaitzak aurkezteko, eta bozketa urtarrilaren 19tik 21era arte eginen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.