Nafarroako barometroa

Navarra Sumak irabaziko lituzke Nafarroako hauteskundeak

Iritzi Publikoaren VI. Barometroaren arabera, eskubiko koalizioak ordezkari bat edo bi galduko lituzke, PSNren mesedetan. Herritarren %34k uste dute Nafarroako egoera politikoa «ona» dela, eta 4,94ko nota eman diote. Pandemiak eragin dituen aldaketak ere aztertu dituzte.

Nafarroako Parlamentua, artxiboko irudi batean. IñIGO URIZ, FOKU
Oihane Puertas ONA
2021eko abenduaren 20a
14:36
Entzun

Iritzi Publikoaren VI. Barometroa aurkeztu dute Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak, eta Ernesto Perez-Esain eta Vidal Dia de Rada Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek. Lortutako datuen arabera, Nafarroako Parlamentuko hauteskundeak bihar egingo balira, herritarren %34,52k Navarra Suma bozkatuko lukete; %22,97k, PSN bozkatuko lukete; %13,08k, Geroa Bai, eta %14,02k, EH Bildu.

Eskuineko koalizioak, ordea, apaldu egingo luke gaur egun daukan ordezkari kopurua. Orain hogei parlamentari ditu, baina 18-19 eskuratuko lituzke hurrengo bozetan. Hain justu, eserleku bat edo bi gehiago lortuko lituzke PSNk: egun dituen 11 ordezkari izan beharrean, 12-13 izango lituzke.

Geroa Baik ere behera egingo luke, egun dituen bederatzi parlamentarietatik bi galduta. Zazpi ordezkari eskuratuta, Geroa Bai EH Bildurekin berdinduta legoke, koalizio subiranistak egun dauzkan zazpiei eutsiko bailieke.

Landa-lana irailean egin zuten, eta 1.200 elkarrizketa egin dituzte guztira. Lortutako emaitzen arabera, galdetutako hirutik batek uste dute Nafarroako egoera politikoa «ona» dela; %1,4k «oso ona» dela; %17,3k «erdipurdikoa» dela; %22,9k «txarra» dela, eta %8k «oso txarra» dela. Horrela, herritarrek azken bi urteetan baino hobeto baloratu dute Nafarroako egoera politikoa: 4,94ko nota eman diote aurten; 4,62koa iaz, eta 4,64koa 2019an. Etorkizunera begira, gainera, %58,4k uste dute Nafarroako egoera politikoa «berdina» izango dela urtebete barru; %17,2k «hobea» izango dela, eta %8,4k «okerragoa» izango dela.

Perez-Esaineren arabera, politikariekin eta alderdiekin lotutako arazoak «desagertzen» doaz, eta «beste arazo batzuei» egiten zaie bidea: besteak beste, trafikoari, langabeziari eta COVID-19arekin lotutako arazoei. Pandemiak «aldaketa handiak» eragin ditu herritarrengan, eta galdetutakoen %68,8k etxetik kanpoko aisialdiaren falta sumatu dute, eta %63,8k haien lagunak ikustea. Horrez gain, elkarrizketatuen %84,1ek haien ohiko lan jarduerarekin jarraitu ahal izan zuten telelanaren bidez, baina horien hiru laurdenek jada utzi diote lana urrutitik egiteari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.