Gazteen egoera ekonomikoaren aurkako protesta egin du Ernai gazte erakundeak gaur, Bilbon, Iberdrola dorrean. Gazteetako batek bere burua lotu du, samatik, ateetako batean. Beste ekintzaile batzuen asmoa zapuztu dute zinpeko zaindariek.
«Gure miseria haien negozioa bihurtu dute. Iberdrolako dorretik aldarria: gazteontzako bizitza duinak orain!», mezua zabaldu du Ernaik sare sozialetan. Azaldu dutenez, elite ekonomikoaren aurkako protesta egin nahi izan dute, «gure bizitzak prekarizatuz aberasten» direla salatzeko, Euskal Herriak «errotiko aldaketak» behar dituela adierazteko. «Irtenbideak behar ditugu gazteon egoera hau amaitzeko».
Iberdrola dorreko atarian dagoen lauzpabost metroko estalkira igotzen saiatu dira Ernaiko gazte batzuk, baina segurtasun zaindariek indarrez eragotzi diete.
Gaineko pankarta bat jartzeko asmoa zeukaten, eta eskailera luze bat erabili dute horretarako. Neska gazte bat igotzen saiatu da, baina zinpeko zaindariek oratu eta behera bultzatu dute.
Mutil batek sama lotu du ateetako batera bizikleten kandadu batekin. Gazteontzako bizitza duinak mezua duen kartela erakutsi du.
Gazte ugari bildu dira inguruan, eta txalo egin diote lotutako gazteari. Azkenean, suhiltzaileek askatu dute gaztea, eta eraman egin dute, giltzarrapoa kentzera. Ertzaintzaren auto bat joan zaie atzetik.
Gazteen etengabeko prekarizazio egoera eta etorkizunik eza salatu nahi izan du Ernai gazte antolakundeak. Gazteen bizitzak duintzeko aldaketak galdegin dituzte, eta Euskal Herria jo duen krisi sozialari aurre egiteko aldaketa sakonen beharra zabaldu du.
Agiri baten bidez, Ernaik azaldu du «gazteen ondoezari eta etengabeko prekarizazioari aurre egiteko» egin duela. Larrialditik duintasunera leloa zuen pankarta jartzen saiatu direla adierazi du.
«Etengabeko prekarizazioan murgilduta dago gazteria: ez enplegu duinik, ez emantzipatzeko eskubiderik, ez ikasketak modu duin eta doakoan egiteko aukerarik ere ez. Eta horrek guztiak erantzule jakinak ditu: egoeraz baliatu eta etekina ateratzen ari diren erantzuleak».
Gaurko ekintza eta abenduaren 1ean eginikoa lotu ditu Ernaik: AP1-a itxi zuten orduan, Eskoriatzan (Gipuzkoa). Hogei bat kidek AP-1 errepidea trabatu zuten Agozibar errekaren gaineko zubian. Gazteentzat «bizitza duinak» eskatzeko egin zuten protesta, eta «Euskal Herria joko duen krisi sozialari» aurre egiteko greba orokorraren «beharra» nabarmendu zuten orduan.
Gazteen egoerari esker, «elite ekonomikoak aberastasuna pilatzen eta handitzen ari dira», salatu dutenez. «Gazteon miseria haien negozioa baita».
Gazteen bizitzak «baliorik gabe» utzi dituztela adierazi dute. Eta horrekin lotu dute buruko osasunaren inguruko arazoen gorakada. «Euskal Herriak egoera irauli beharra dauka; errotiko aldaketak behar ditugu Herri gisa datorren krisi sozialari, ekologikoari, ekonomikoari... aurre egiteko. Mugimendu sozial eta herritar indartsua behar dugu aldaketa horiek bultzatzeko. Kaleak hartu beharrean gaude, bizitzak erdigunean jarri eta bizimodu duinak eraikiko dituen Euskal Herria pausoz pauso aletzeko».