Euskal presoak

ETAko ustezko kideen aurkako bertze auzibide bat ireki dute

Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa bat abiatu du 11 euskal herritarren aurka, 2000ko urriaren 30ean Jose Francisco Querol magistratua eta haren bizkartzaina eta txoferra hiltzea leporatuta. Marixol Iparragirre, Jon Olarra eta Ainhoa Mujika EPPK-ko mintzakideak daude ikertuen artean.

Marixol Iparragirre, joan den martxoan, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ikertuen artean dago bera ere. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
maddi ane txoperena iribarren
2021eko abenduaren 20a
11:43
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak bertze auzibide bat ireki du ustezko 11 etakideren aurka. Dignidad y Justicia biktimen elkarteak ezarritako kereila bat du abiapuntu: auzitegiak tramiterako onartu du, eta ikerketa abiatu du hainbat euskal herritarren aurka. 2000ko urriaren 30ean Jose Francisco Querol Espainiako Auzitegi Goreneko epailea eta haren bizkartzain Jesus Escudero eta Armando Medina txoferra hiltzea leporatuta ikertuko dituzte. Madrilen hil zituzten hirurak, bonba-auto bat leherrarazita.

Ikertuen artean EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko mintzaideak daude: Jon Olarra, Ainhoa Mujika eta Marixol Iparragirre. Preso ohiak dira bertze batzuk: Mikel Albisu, Vicente Goikoetxea, Iñaki Gracia Arregi eta Ramon Sagartzazu. Bertze batzuk, presoak: Gorka Palacios, Xabier Garcia, Asier Oiartzabal eta Juankar Iglesias.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak abiarazi du ikerketa, eta Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari garai hartako ETAko egiturari buruzko informazioa eskatu die.

EPPKren «kezka»

Joan den abenduaren 3an Logroñoko espetxean batu ziren Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramailea eta Olarra eta Mujika EPPK-ko mintzaideak, eta, hain justu, EPPK-ko kideek «kezka» erakutsi zuten «pertsona batzuei eragiten dieten sumario berriak irekitzeko dagoen bultzada judizialagatik». Hala azaldu zuen foroak bileraren ondotik: «EPPKren aburuz, [ebatzi gabeko kasuen] errealitate hori guztia gatazken konponbidearen ikuspegitik aztertu beharko litzateke, nazioarteko estandarrek definitzen duten bezala, Justizia Trantsizionalaren doktrina baten barruan, eta, hala badagokio, Egiaren Batzorde bat sortuz, lortu ahal izateko, hain zuzen ere, egia, aitortza, erreparazioa, eta geratutakoa berriro ez errepikatzea». Presoen kolektiboak foroari adierazi zion helburuak ez lukeela «inola ere» izan behar «mendekuaren eta sufrimenduaren noriatik irtetea eragozten duten eta, azken batean, indarkeriaren zikloaren ondorioen konponbidearen behin betiko amaieratik urruntzen» duten «salaketak, auzipetzeak eta zigorrak ezartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.