Euskal presoak

Sarek eta Etxerat-ek elkarretaratzea egin dute Troitiño «azkena izan dadila» aldarrikatzeko

Donostian elkartu dira, Intxaurrondon, Troitiñoren auzoan. Gaixo dauden euskal presoak etxeratzeko eskatu dute.

Sarek eta Etxeratek deitutako elkarretaratzea, gaur, Intxaurrondon (Donostia). SARE
2021eko abenduaren 19a
20:01
Entzun

«Antton azkena izan dadila, larriki gaixo dauden presoak etxera». Sarek eta Etxerat-ek mezu horrekin oroitu dute gaur Antton Troitiño euskal presoa, herenegun hil zena. Ia bizialdi osoa kartzelan egin ondotik, 64 urterekin hil zen, «eritasun larri eta sendaezin» baten ondorioz. Horrez gain, gaixo dauden presoak etxeratzeko eskatu dute.

Elkarretatzea Sarek deitu du, Intxaurrondoko Sagastieder plazan (auzo hartakoa zen Troitiño). Hildakoen gertukoek ere hartu dute parte. Manifestaziora ere deitu dute biharko, Donostian, 19.00etan, Boulebarretik hasita.

2020ko apirilean sumatu zituen Troitiñok eritasunaren lehen sintomak, eta Etxerat-ek salatu zuen ez zutela ongi artatu. Elkartearen arabera, Estremerako espetxean ez dago mediku nahikorik, eta bakartze moduluetatik ez dira astero pasatzen, «legeak hala dioen arren». Etxerat-ek salatu zuen Troitiñok irailera arte ez zuela «behar bezala zuzendutako asistentziarik» jaso: hau da, lehen sintomak sumatu eta bost hilabete pasatu arte. Abokatuak urriaren 27an eskatu zuen aske uzteko.

Ez zuten berehala askatu, alta. Izan ere, epaileek eskaera onartu arren, prozedura ia hilabetez luzatu zen. Urtarrilaren 11n sinatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak Antton Troitiñori hirugarren gradua emateko autoa, eta urtarrilaren 22an irmo egin zuten ebazpena. Ondoren, ordea, Espainiako Espetxe Erakundeek eskatu zuten baldintzapean aske uzteko: Espainiako Auzitegi Nazionalak urtarrilaren 26an onartu zuen baldintzapean aske uztea, eta fiskalak helegitea jartzeko aukera izan zuen azken egunera arte itxaron zuten ebazpen hori ere irmo egiteko. «Labirinto burokratikoa» salatu zuen Etxerat-ek, aldaketek luzatu baino ez zutelako egin larriki eri zen euskal presoa askatzeko eguna: otsailaren 5ean atera zen, azkenean.

Tartean, gainera, euskal presoak uko egin zion bere eritasunarentzat «aringarria» zen kimioterapia hartzeari. Etxerat-ek salatu zuenez, izan ere, hartu behar zuen tratamendua ez zen «bideragarria» espetxeko baldintzekin: «Baldintza desegoki eta gogorretan dago presoa: ordu eta erdiko ibilbidea egin behar du ospitalera joateko, eta beste horrenbeste bueltatzeko, ez du dieta egokirik hartzen, eta medikazio falta du».

Troitiño ez zegoen gaixotasun larriak dituzten euskal presoen zerrendan, baina Etxerat-ek hainbatetan salatu izan du euskal presoen eritasunen «jatorria» espetxean jasandako «muturreko baldintzak» eta euskal presoek jasaten dituzten zigor luzeak direla. Troitiñoren kasua horixe zen, ia bizialdi osoa pasatu baitzuen preso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.