Belarrak Diaz goratu du, Podemosek Barakaldon egin duen ekitaldian

Begirada zabalak izeneko topaketa egin du gaur Podemosek, eta bertan egin ditu adierazpenak

arantxa iraola
2021eko abenduaren 18a
18:24
Entzun

Podemoseko idazkari nagusi Ione Belarraren arabera, egun Podemosek PSOErekin batera Espainian osatzen duen gobernua ez da «imajinatu» daitekeen onena: «Ez baitu buruzagi Yolanda Diaz». Goraipamen hori gaur egin dio Belarrak Espainiako Gobernuko Lan ministro Diazi, alderdiak Barakaldon (Bizkaia) egin duen ekitaldian. Diazek hurrengo Espainiako Kongresuko bozetara begira antolatu nahi duen «ezkerreko fronte zabala» hauspotzeko mezuak ozendu egin dira azken asteotan, eta gaurkoa beste bat gehiago izan da.   
Begirada zabalak izeneko topaketa egin du gaur Podemosek Barakaldon. Belarrak defendatu du COVID-19aren  izurriari eta ekarri duen krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriak «atsedenik gabe» defendatu dituela Podemosek Espainiako Gobernuan, «funtzionatu» egiten dutela, eta lan ildo horietan sakontzen jarraitu behar dela.
Eusko Jaurlaritzarako ere, EAJren  eta PSE-EEren gobernuaren aldaketa bilatu behar dela defendatu du: «Aurrerakoia eta eraldatzailea izan behar du, euskal herritar guztien eskubideak defendatzeko». Aldaketa hori gauzatze aldera Podemos-Ahal Dugu bertako errealitatean «errotuago» egoteko ahaleginetan ari direla adierazi du. «Nazionaniztasunaren» defentsa hitzez harago, «egin» beharrekoa dela azaldu du.
Lan erreforma
Diazek ere hartu du hitza; hizpide izan ditu Espainiako lan erreformaren inguruan martxan dauden negoziazioak, eta bide onetik doazela esan du: «2022a beste erreforma batekin hasiko dugu». Ezaugarri «enpleguaren egonkortasuna» izango du.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.