ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Erabakitzeko «prozesu bat adosteko beharra» plazaratu du Gure Esku-k

Arantzazuko Adierazpena gizarteratu du, santutegian bertan eginiko agerraldi batean. Erabakitzeko eskubidea «lege bilakatzeko» nahia jaso dute manifestuan, eta «Euskal Herriko gehiengo sozial zabal bat ordezka dezaketen» ehun herritarren atxikimendua bildu.

Gaurko ekitaldiaren une bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon olano
2021eko abenduaren 17a
20:03
Entzun

«Herriari hitza emateko garaia da, edo beharbada, herritarrok hitza hartzekoa». Euskal herritarren erabakitzeko eskubidea aitortzeko eta gauzatzeko bidean, Gure Esku-k Arantzazuko santutegira (Gipuzkoa) eraman du bere aldarrikapena, esparru askotariko ehun pertsona esanguratsu elkartuta, adierazteko «burujabetzarako bidean jauzi bat» ematea herritarren esku dagoela: «Esku guztiak norabide berean jartzeko unea da; eragile, erakunde eta herritarrok elkarrekin egin behar dugu bidea, denok baitugu tokia bide honetan, eta norberak bakarrik bete baitezake berea».

Ehun izenpetzaileen artean daude, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Nekane Balluerka eta Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohiak, Garbiñe Biurrun epailea, Ugo Mayor zientzialaria, Olatz Salvador abeslaria, Isabel Elizalde Nafarroako kontseilari ohia, Naiara Goia Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiko zuzendaria, Aitziber Garmendia aktorea eta Unai Pascual IPBES erakundeko ikerlaria.

«Euskal Herriko gehiengo sozial zabal bat ordezka dezaketen pertsonengana» jo dute, haien bidez «herritarren borongatea edo herri gogoa ikustarazi asmoz». Hala azaldu zuen Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak, eta gaineratu erabakitzeko eskubidea «lege bilakatzeko, gizarteko alor guztietatik bultza» egin behar dela: «Eskubideak ekinez lortzen dira».

Gandiaga topagunean, dinamikak Arantzazuko Adierazpena aurkeztu du, eta Pilar Kaltzada eta Andoni Aizpuru kazetariek irakurri dute manifestua. Horretan, sinatzaileek «etorkizuna erabakitzeko prozesu bat lantzeko, adosteko eta sustatzeko beharra» adierazi dute: «Gure etorkizuna aldarrikatzen dugu. Gaur Arantzazun bildu garen herritarrok, norberak bere alorretik, gure alea jartzeko konpromisoa erakutsi nahi dugu, eta era berean, erronka honi eusteko dei egin nahi diogu gizarte osoari».

Hortaz, deiak hiru bidetan luzatu dituzte; herritarrei, eragileei eta erakundeei: «Eragileei dei egiten diegu norabide honetan inplikatu daitezen; erakundeei, herritarron borondatea aintzat hartuz, erabakitzeko eskubidea instituzionalizatu eta lege bilakatzeko konpromisoa har dezaten». Azkenik, herritarrei dei egin diete «herri gogoa errealitate bilakatzeko lan» egin dezaten: «Izan gaitezen berriz ere jostun eta artisau, zubigile eta katebegi. Joka dezagun burujabe, inplikatuz eta konprometituz».

Gure Eskuk, beste eragile batzuekin batera, sinadura bilketa bat martxan jarri zuen iazko martxoan, euskal herritarrek beren estatus politikoa erreferendum bidez erabakitzearen alde, eta urtearekin batera da amaitzekoa bilketa hori. Kontsultaren aldeko aldarrikapena jaso dute Arantzazuko adierazpenean ere, argudiatuta euskal herritarrek beren erakunde politikoak, estatus politikoa, autogobernu maila eta lurraldeen arteko harremanak «zuzenean, mugarik gabe eta libre» erabakitzeko eskubidea dutela: «Munduko nazio guztiek bezala, gure etorkizuna autodeterminatzeko eskubidea dugu. Honenbestez, erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura, besteak beste, erreferendumak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.