Euskal presoak

Gehiengo sindikalak urtarrilaren 8ko manifestaziorako deia egin du

Hego Euskal Herriko sindikatu ia guztiek elkarretaratzea egin dute Bilbon, euskal presoen eskubideen alde.

Gaurko elkarretaratzea. BERRIA
gotzon hermosilla
2021eko abenduaren 17a
13:07
Entzun

Hego Euskal Herriko sindikatu ia guztiak (ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, CGT/LKN, CNT, EHNE, Hiru eta Etxalde) batu dira Bilbon euskal presoen eskubideen alde, eta elkarretaratzea baliatu dute urtarrilaren 8an Sarek antolatuko duen manifestaziorako deia egiteko.

ELAko Leire Txakartegik esan du «aurrerapausoak» eman diren arren oraindik ere 95 preso daudela Euskal Herritik urrun, eta «salbuespenezko neurriek» bere horretan jarraitzen dutela, adibidez graduen progresioari eta zigorrak metatzeko aukerari dagokionez. «Ez dago aitzakiarik politika hori bertan behera uzteko», erantsi du.

LABeko Garbiñe Aranburuk, berriz, esan du bere sindikatuak «erabateko konpromisoa» duela «gatazkaren ondorioei eta presoen egoerari» konponbidea emateko, eta «lehentasuna» dela «presoak etxerako bidean» jartzea. Nabarmendu du orain arte lortutakoa «presioari, gizartearen mobilizazioari eta gaurkoaren moduko adostasun zabalei esker» erdietsi direla, eta bide horretatik jotzeko deia egin du.

UGTko Raul Arzak adierazi du «legea betetzea» baino ez dutela eskatzen: «Hamar urte igaro dira ETAren terrorismoa desagertu zenetik, eta iraganean hartu ziren salbuespenezko neurriek jada ez dute zentzurik». Urtarrilaren 8ko manifestaziora joateko deia egin du «euskal presoak, sozialak barne, hemen egon daitezen eta gaixotasunagatik, adinagatik edo beste arrazoi batengatik kaleratzeko moduan egon daitezkeenak aske utz ditzaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.