ELA sindikatuak giza katea egin du Bilbon, EAEko 2022ko aurrekontu «antisozial eta neoliberalak» salatu eta «aurrekontu sozialak» eskatzeko. Giza katea EH Bilduk Bilbon duen egoitzatik abiatu da, eta EAJren egoitzan amaitu da.
ELAko Leire Gallegok esan duenez, aurrekontuekin lortu nahi duten helburua «ahalik eta gutxien gastatzea» da. «Hezkuntzara bideratutako dirua aurreko urtean baino gutxiago da, diru sarrerak bermatzeko errentan murrizketak daude, eta aurrekontuen %13 zor publikoa kitatzera bideratuta daude».
Mikel Noval ELAko Azterketa Bulegoaren arduradunak azaldu du protestaldiarekin EH Bilduren eta EAJren egoitzak lotu dituztela «PSE-EErekin batera bi alderdi horiek duten erantzukizuna nabarmentzeko». Esan duenez, Jaurlaritzarekin lortutako akordioaren bidez EH Bilduk eragindako aldaketek aurrekontu proiektuaren %0,5i baino ez diote eragiten, eta ez dute «egiturazko aldaketarik» ekarriko: «Guk aurrekontuen edukiari erreparatzen diogu, eta ez horrenbeste aurrekontu horiek nork sustatzen dituen».