Alde egin dute. EH Bildu, PSN eta Geroa Bai udal taldeetako zinegotziek planto egin dute Iruñeko Udalaren gaurko osoko bilkuran, eta bakarrik utzi dituzte Navarra Sumako ordezkariak. Udal gehiengoa «bere mesedetan bihurritu» nahi izatea eta «ordezkagarritasun demokratikoaren printzipioa» urratzea egotzi diote Enrique Maia alkateari. Izan ere, Joxe Abaurrea (EH Bildu) zinegotziak borondatez kargua uztea baliatu du Navarra Sumak, gizarte zerbitzuen finantzaketari buruzko proposamen bat aurrera ateratzeko: 13 zinegotzi ditu koalizio eskuindar espainiazaleak; oposizioko hiru taldeek, berriz, 14. Abaurrearen erabakiaz geroztik eta haren ordezko Garbiñe Buenok kargua hartu arte, ordea, berdinduta daude bi blokeak. Hortaz, alkateak kalitatezko botoa erabil dezake, bozketetan zirt edo zart egiteko. Eta zart egin du.
EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik Maia alkateari galdegin diote ez dezala erabili behin-behineko egoera hori «hauteskundeetatik ateratako indar korrelazioa bidegabeki aldatzeko» eta, hortaz, ez dezala bozketarik antolatu, Garbiñe Buenok zinegotzi akta jaso arte. Arazoa, baina, ez da ohiko mozio eta proposamenetara mugatzen: jokoan dira hiriburuko aurrekontuak. Hilaren 30eko ezohiko bilkuran eztabaidatuko eta bozkatuko dute Navarra Sumaren aurrekontu proiektua. Ohiko indar korrelazioa aintzat hartuta, uste izatekoa zen atzera botako zituztela —ezetza emanen dutela iragarri dute oposizioko hiru taldeek—, baina alkateak ez du osoko bilkura atzeratu nahi izan, eta kazetarien aurrean behin baino gehiagotan esan du ez duela aurrekontuen tramitazioa aldatuko. Koiunturazko abantaila bere mesedetan erabiltzeko asmoa duela, alegia.
Orain, udal idazkariaren esku dago EH Bilduko Garbiñe Bueno zinegotzi izateko dokumentazioa Hauteskunde Batzordera igortzea. Erakunde horrek eginen ditu zinegotzi aktaren eskualdaketa egin ahal izateko tramiteak.
Zentsura mozioa, airean
Navarra Sumaren eta, bereziki, Enrique Maia alkatearen jokabide «antidemokratikoa» salatu nahi izan dute EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik, eta horregatik alde egin dute gaurko osoko bilkuratik. Ez dute bozketa gehiagotan parte hartuko, egoera lehengoratu arte.
Udal aurrekontuetan «amarru» egin nahi izatea egotzi dio EH Bilduk Navarra Sumari: «Iruzur bat da alkatearen kalitatezko botoarekin aurrekontuak inposatzen saiatzea». Era horretan, koalizio eskuindarrak «2019ko hauteskundeen emaitza nahita urratuko duela» salatu du talde independentistak.
Geroa Baik alkateari galdegin dio «udal gehiengoak errespetatzeko». «Errealitate instituzionalaren arabera, Navarra Sumak ez du gehiengo demokratikorik; hortaz, ez dezatela zinegotzi baten dimisioa baliatu errealitate demokratikoa bihurritzeko». Geroa Baik iragarri du aurrekontuen osoko bilkuran gaurkoa berriz gertatzen bada Maiaren aurkako zentsura mozioa aurkeztuko duela. «Tresna politiko legitimoa da, eta, gehiengoaren borondatea perbertitzen ari dela ikusita, erabat justifikatuta legoke».