Korrika

Nerea Urbizuk, Ane Garciak eta Anarik jarri diote ahotsa 22. Korrikaren kantuari

Aurkeztu dituzte 2022ko Korrikaren kanta eta bideoklipa, 'HitzEkin' izenburupean. Sustrai Colina bertsolariak sortu ditu hitzak, eta Nerea Urbizuk egina da musika.

Anari Alberdi, Nerea Urbizu eta Ane Garcia. KORRIKA
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abenduaren 16a
18:54
Entzun

Korrikaren hitzek badute doinua jadanik; bada hitzak kantatzerik, bai eta dantzatzerik ere. Iragarria zenez, Amurrio (Araba) eta Donostia lotuko ditu Korrikaren 22. aldiak, eta gaur aurkeztu dute Euskal Herrian barrena lasterka eginen diren kilometroak girotuko dituen HitzEkin abestia, kantuaren bideokliparekin batera. Nerea Urbizuk zuzendu du abestia, eta Sustrai Colinak izan du hitzak idazteko ardura. Iruñean aurkeztu dute lana, Golem Baiona zinema aretoan.

«(E)ta berriro egin mundua zurekin, beti baitago norbait hitz egiteko prest»; hala dio Korrikaren HitzEkin kantuak, errepikan, pop doinuek lagunduta. Nerea Urbizu bera, Ane Garcia eta Anari dira abeslariak, eta, hain zuzen, kantuaren zuzendari Urbizuk nabarmendu du kantuaren hiru interpreteak belaunaldi desberdinetako emakumezkoak izatea ez dela kasualitatea izan. Bide hori hartu izanak badu asmo bat, haren esanetan: «Helduen eta txikien arteko katearen sostengu eta bitartekaritza irudikatzea», hain justu.

Korrikaren leloak berak adierazten duenez, hitzak berebiziko garrantzia du aurtengo aldian. Abestiaren egileen esanetan, hori agerian da kantuaren mezua ikusirik: Urbizuk azaldu du «irekia» dela, eta nabarmendu du «balio garrantzitsuak» bultzatzen dituela, batik bat. «Ausarta izatea, ahalduntzea, oztopoen gainetik aurrera egitea edota beldurrak gainditzea», zehaztu du.

Hainbat istorio, bakarrean

Abestia irudiz janzteko balio duen bideoklipa ere gaur atera da argitara, azkenik. Tripulante Produce ekoiztetxeko Eymard Uberetagoenak zuzendu du bideoa. Urbizuren esanetan, «hainbat istorio biltzen dituen film laburra» da ikus- entzunezkoa. Abestiaren gisan, ikusgai da jadanik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.