Peio Jorajuria

«Emaitzarekin biziki kontent gara, baina hauskorra da»

Frantziako Hezkuntza Ministerioaren zirkularraren bidez Konstituzio Kontseiluak maiatzean hartutako erabakiaren aitzineko egoerara itzuli direla erran du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Hala ere, ezinbestekotzat jo du neurri sendoago batzuk eskuratzea.

jarraia207373.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko abenduaren 16a
15:54
Entzun

«Kontent» agertu da Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria Frantziako Hezkuntza Ministerioak atera duen zirkularrarekin. Ikastolen ereduarekin segitzeko aukera ematen diela baieztatu du, eta azterketen arloan garaipen bat lortu dutela baieztatu du. Frantziako Konstituzioaren aldaketari heldu behar zaiola berretsi du.

Badu hilabeteak Frantziako Hezkuntza ministerioarekin elkarrizketetan ari zaretela. Zirkularraren azken emaitza esperotakoa da?

Emaitzarekin biziki kontent gara. Konstituzio Kontseiluaren erabakia izan zelarik, denek genekien ezinezkoa zela aplikatzea; ezinezkoa zela murgiltzea debekatzea. Mobilizazioak izan ziren, gauzak mugitu genituen, eta gobernuak erran zuen irtenbide bat atzemanen zuela. Irtenbidea zirkularraren bidez egin dute. Murgiltzea antikonstituzionala gelditzen da, hori ezin dute aldatu, baina zirkular horren bidez gure praktika baimentzen dute. Antikonstituzionalak, baina baimenduak gara. Horrek erran nahi du aurten eta heldu den urtean segitzen ahalko dugula gure ereduarekin, eta hori garaipen handia da. Maiatz bukaeran ez ginen segur hori lortuko genuela.

Hala ere, biziki hauskorra da, zirkular bat besterik ez baita: ez da lege bat, ez da dekretu bat, ez da konstituzio aldaketa bat. Dugun hori edonoiz galtzen ahal genuke. Beraz, epe laburrean beharko ditugu neurri sendoago eta iraunkorrago batzuk. Eta zergatik ez konstituzio aldaketa bat hori babestuko duena, ez berriro horrelako krisi bat ukaiteko. Baina, hala ere, gure egoera argitua da: baimenduak gara, mugarik gabe. Argiki erraten du zirkularrak murgiltzea egiten ahal dugula gaur egun egiten dugun moduan. Baldintza bakarra da jadanik betetzen duguna: Seaskatik ateratzean gure ikasleek bi hizkuntzak menperatzea, frantsesa eta euskara. Alde horretatik, gure eredua azkartzen du.

Azterketen gaia zen zuen kezketako bat.

Parisen izan ditugun harremanetan, azken hilabeteetako negoziazioetan, beldur ginen azterketen gaiari buruz. Gaur publikatu den zirkularrak 2017koa ordezkatzen du. Dokumentu hartan bazen azterketen aipamen bat, guretzat ez zena gogobetegarria, ez baitzituen gai guziak zerrendatzen, eta ez baitzuen guk nahi genuena babesten. Baina horren aipamenak kentzekotan ziren zirkular berrian. Azken momentuan gehitu dute erranaldi bat, eta hori garaipen handia da: gure ikasleek gai batzuk euskaraz pasatzen ahalko dituzte Baxoan. Erranaldi biziki xumea da, baina, hala ere, posibilitatea irekitzen du. Orain, horren modalitateak akademiarekin adostu beharko ditugu. Ez dugu debekurik euskaraz egiteko, baina ez dakigu zein izanen diren baimenduak izanen diren gaiak euskaraz egiteko. Baxoa hurbiltzen da biziki fite, lehen probak martxoan dira; beraz, guk behar ditugu errektorearen erantzunak epe biziki labur batean, jakiteko aurten nola antolatzen garen baxoarentzat eta brebetarentzat, eta ea zein diren euskaraz egiten ahalko diren gaiak.

Hemendik aitzina, zer aldatuko du zirkular horrek zuentzat?

Konkretuki ez du deus aldatzen. Hori da berri ona. Zirkular horren bidez, Konstituzio Kontseiluaren erabakiak ez du ondoriorik, eta ez du aldaketarik ekartzen. Gaur, apirilean ginen egoeran gara, eta egiten ahal dugu Konstituzio Kontseiluak deus erran izan ez balu bezala. Hori, alde horretatik, berri ona da. Gero, zirkular bat da, hauskorra da; hala ere, aski finak izan dira irakurketan: teknikoki ez dute baimentzen murgiltzea, baina baimentzen dute irakaskuntza elebiduna murgiltze sistemaren bidez. Parada hori atzeman dute maiatzeko erabakia saihesteko. Iraunen du iraunen duen denbora.

Afera horrekin denek ulertu dugu arazoa ez dela juridikoa; ez gara konstituzioaren lerroen arabera aritzen ahal. Konstituzio Kontseiluak hartzen duelarik horrelako erabaki anakroniko bat hizkuntzen kontra, erabaki hori ezin da aplikatu. Guk bagenekien, orain Parisen ere badakite, eta horri begira neurriak hartu dituzte. Babes hori iraunkortzeko, konstituzioa aldatu beharko da. Edonoiz gerta daiteke berriro mota horretako eraso bat. Hor murgiltzearena salbatu dugu, baina badira oraindik hainbat erabaki gure kontra direnak. Ez da ahantzi behar Molac legeak zeinu diakritikoak onartzea proposatzen zuela. Gaur egun, Iñaki, Beñat eta Aña guziak antikonstituzionalak dira oraindik ere.

Hizkuntzen gaiari buruz urrunago eraman beharko da afera. Alde horretatik, Jean Castex [Frantziako lehen ministroa] ikusi genuelarik irailean, erran zigun sortuko zuela hainbat ministerioren arteko kontseilu berri bat hizkuntza gutxituei buruz. Espero dugu kontseilu hori egiazki sortuko dela laster, eta beste afera batzuk konponduko dituela.

Bi kontseilu izanen dira, beraz? Bat Castexen agindupean eta bestea Blanquerren agindupean?

Bi gauza desberdin dira. Zirkular hori baliatu dute abisatzeko hizkuntzen kontseilu bat sortuko duela Hezkuntza Ministerioak. Hizkuntzak orokorki: bereziki ingelesa, bereziki atzerriko hizkuntzak, eta antzinako hizkuntzak eta hizkuntz gutxituak ere barne izanen dira. Hori ministerioaren tresna bat izanen da; ez da hitzarmenerako gune bat izanen. Hezkuntza Ministerioak bere buruarekin hitzartzeko ez du kontseilu berrien beharrik. Ez dugu aldaketa handirik espero alde horretarik. Aldiz, ministerioen artekoak zerbait ekarriko duela espero dugu.

Maiatzeko ebazpenean oinarrituta inork zuen eredua auzitan emateko aukera bada oraindik. Zirkularra aterata ere, Damoklesen ezpatarekin jarraitzen duzue.

Badugu abantaila bat: Konstituzio Kontseiluak ez zuen arrazoitu bere erabakia; erabaki biziki labur eta idor batean egon zen, zehaztasunetan sartu gabe. Ez du azaldu zergatik erabaki zuen murgiltzea antikonstituzionala zela. Beraz, gaur egun inork interpretatzen badu egiten duguna antikonstituzionala dela, salaketa bat ezarri beharko luke, baina erakutsi beharko luke ez dela gure irakasteko modua zirkular horrek erraten duena. Hor genuke hauskortasuna. Hala ere, zirkular horrek baimentzen du praktika bat ez dena arras Konstituzio Kontseiluak «murgiltzea» deitzen zuen hori. Badakigu erasoak edozein aldetatik etortzen ahal direla. Eta ikusi dugu Frantzian orain hauteskundeei begira badela nazionalismo eta jakobinismo tendentzia azkar bat igotzen ari dena. Hizkuntza gutxituek badituzte oraindik etsaiak Frantzian.

Hemendik aitzina konstituzio aldaketaren bataila abiatuko da. Zer aurreikusi duzue?

Badakigu Seaska txikiegia dela borroka hori bakarrik eramateko. Hor ari gara indarrak bateratzen, eta ari gara Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboaren bidez lanean. Eginen dugun lehen urratsa da Frantziako presidentetzarako hautagai guziei buruz galdetegi bat bidaltzea posizionatu daitezen kanpainan konstituzio aldaketa horri buruz. Beste gai batzuk ere izanen dira, baina nahi genuke kanpaina horretan konstituzio aldaketaren gaia agendan izatea, eta konstituzioa aldatzeko edo konponbide bat atzemateko engaiamendua hartu duen Frantziako presidente bat ateratzea. Ez gara gaurko corpus juridikoarekin egoten ahal; XIX. mendeko gogoeta batzuetan oinarritzen da. Aldaketarik ez bada, beti izanen da hizkuntzen kontrako mehatxua.

Frantzian diren dinamika politikoak ikusirik, errealista ote da?

Ikusiko dugu. Molac legea ez zen errealista. Denek errana ziguten, eta bereziki Pauli [Molac] errana zioten ez zela inoiz pasatuko, gizartea ez zela prest. Legeak sostengu handia izan zuen Senatuan, izan zuen Asanblean, eta izan zuen ere karrikan. Konstituzio Kontseiluaren ondotik izan ziren mobilizazioak biziki azkarrak izan ziren. Ikusi genuen erabakiak bazterrak inarrosi zituena, eta gehiengo handi bat badela horrelako erabakiak onartzen ez dituena. Beti uste dugu Frantzia ez dela inoiz mugituko, baina segitu behar da borrokan, eta egun batez lorpenak izanen ditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.