Konfinatuta dauden umeak zaintzen laguntzeko neurriak eskatu ditu EH Bilduk

Familia askok zaintza eta lana bateratzeko zailtasunak dituela esan du Nerea Kortajarena legebiltzarkideak, eta Jaurlaritzak erantzun egin behar duela

arantxa iraola
2021eko abenduaren 16a
12:39
Entzun

Birusaren bilakaeraren ondorioz, ume asko konfinatuta daude, eta hainbat familiak zailtasunak dituzte seme-alaben zaintza eta laneko martxa bateratzeko; horiek horrela, laguntza «presazkoak» eskatu ditu EH Bilduk egoera horretan dauden familientzat. Izurriaren lehen faseetan, alarma egoeraren abaroan, laguntza batzuk eman zirela esan du, eta horiek berreskuratzera egin behar dela.

Nerea Kortajarena legebiltzarkideak egin du gaur eskea, agerraldi batean, eta jakinarazi du Gizarte Politiketako Sailera bideratuko dutela, «zuzenean», Eusko Legebiltzarrera bideratu gabe, lehenbailehen aintzat hartua izan dadin. Lehen, familia asko osorik konfinatzen ziren, kasu positiboen inguruko pertsonak ere kontaktutzat hartzen baitziren, baina orain ebatzi da ez dagoela txertatutako pertsonak konfinatu beharrik, eta, beraz, laneko martxa geratzeko biderik ez zaie irekitzen umeen ardura duten pertsona txertatu askori. Ataka zailean jarri ditu horrek familia asko, eta Eguberrietako oporretan egoera «larriagotu» egin daitekeela ohartarazi du Kortajarenak, gogoan hartu behar baita bertan behera utzi behar izan direla umeei begirako hainbat jarduera.

«Eusko Jaurlaritzak ezin du beso gurutzatuta geratu», adierazi du Kortajarenak. Laguntzak bideratzeko bideek «arinak» izan behar dutela esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.