Ingurumena

Igaraba berriro azaldu da Urumearen behe eremuan, 75 urteren ostean

Aranzadik auzotarrekin egindako urmael batean agertu da; Iñaki Sanz-Azkue biologoaren hitzetan, aurreko asteko uholdeak hara igel ehizara bultzatu zuela eta.

jon ordonez garmendia
2021eko abenduaren 16a
12:05
Entzun

Biodibertsitatearen aldeko lanak fruitua eman du Urumea ibaiaren behe eremuan. 75 urteren ondoren, igaraba berriro agertu da inguru horretan, Aranzadik atzo jakinarazi zuenez. Igaraba galtzeko arriskuan dagoen espezie bat da, eta, duela urte gutxi arte, Gipuzkoan galdutzat ematen zen. Iñaki Sanz-Azkue biologoak azaldu du ez dela kasualitatea joan den asteko uholdeen ondoren agertzea, errekak hazita zetozelako eta, hazitako erreka batean arrantzatzea zaila denez, urmaelean zeuden baso igel gorrien bila joan delako ehizan.

Aranzadi zientzia elkarteak jakinarazi duenez, Urumea ibaiaren eta Aiako Harria parke naturalaren artean agertu da igaraba, zientzia elkarteak auzotarrekin egin zuen urmael batean. Itsas Enara ornitologia elkarteko eta Haritzalde naturazaleen elkarteko kideen laguntzaz, igaraba filmatu dute, gauez.

«Oso-oso pozik gaude», esan du Sanz-Azkue Aranzadiko kideak. Azaldu duenez, 2005etik ari da zientzia elkarte hori inguru horretan biodibertsitatea ikertzen eta zabaltzen. Hainbat putzu egin zituzten, eta horietako batean agertu da: urmaelak paisaia aniztasuna ekarri du, eta horrek, aukera aniztasuna espezieentzat, Sanz-Azkueren hitzetan.

75 urtez desagerturik

Bailaran duela 75 urte ikusi zuten igaraba azken aldiz. «Iyaraba edo ur txakurra izenez ezagutzen dute. Animalia horri loturiko ahozko ondarea jasota dago. Burbunak eta etsayak proiektuan zabaldu genuen, bai eta berriki atera dugun liburuan ere», esan zuen Aranzadiko biologoak atzo txio batean.

Burbunak eta etsayak Hernaniko natura eta ahozko ondarea biltzen dituen dokumentala da, eta Hernaniko bailaretan gizaldiz gizaldi transmititu den aberastasuna erakusten du. Lan­da­re eta animaliei buruzko cor­pusa osatzeko helburuz hasi zen, baina, aurretik, do­ku­mentala egin dute, natu­rarekin harremana mantendu duten hernaniarrei egindako elkarrizketekin osa­tua. 25 her­na­niar ingururi egindako el­ka­­rrizketekin osatu dute lana.

«Auzotarrengandik jaso dugun ahozko ondarea, auzotarrekin sortu ditugun putzuak, eta, orain, oso mehatxatua dagoen espezie bat eremura itzuli dela eta, auzotarrei berri on bat ematea. Hau poza!». Urmaelak paisaia aniztasuna ekarri du, eta horrek, aukera aniztasuna espezieentzat», adierazi du Sanz- Azkuek.

Nabarmendu du beharrezkoak direla biodibertsitatearen aldeko «proiektu lokalak eta ondo diseinatuak», luzera begira emaitzak ematen dituztela eta eremuko biztanleentzat eta gizartearentzat onuragarriak direla. «Beraz, horretan jarraituko dugu: gizartearekin, gizartearentzat lan egiten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.