Bakegileek harea bota dute Baionako suprefeturaren gainera

Estatuekiko indar harremana handitzeko desobedientzia zibilaren hautua egiteko prest agertu dira. Urtarrilaren 8an Baionan eginen duten manifestazioan parte hartzeko dei egin dute.

Bakegileen ekintza, goizean. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abenduaren 16a
11:45
Entzun

Bost urte bete dira gaur Luhusoko atxiloketak gertatu zirenetik. ETAren armagabetzea prestatzen ari zirela, bost lagun atxilotu zituen Frantziako Poliziak, Guardia Zibilarekin elkarlanean. Txetx Etxeberri, Mixel Berhokoirigoin, Beatrice Molle, Mixel Bergougnan eta Stephane Etxegarai Etxe atxilotu zituzten, eta Michel Tubiana ez zuten atzeman. Bost urte geroago, «urratsak egin» badira ere, euskal presoen «egoerak blokeatuta» segitzen duela salatu dute bakegileek. Goizean, erraterako, ekintza bat egin dute Baionako suprefeturan: harea bota dute egoitza gainera. Urtarrilaren 8an eginen duten manifestazioaren sinbolo da harea erlojua, eta «denbora pasatzen ari» dela irudikatzeko bota dute harea: «Mendekuaren eta injustiziaren denbora da, eta irauli behar dugu», aldarrikatu du Anaiz Funosas bakegileak. Hain zuzen, urtarrilean eginen duten manifestazioa Denboraz larri gabiltza, Ion, Jakes eta Unai gurekin lelopean antolatu dute. Ion Parotek, Unai Parotek eta Jakes Esnalek 31 urte daramatzate preso.

«Duela bost urte aldarazi genuen joko araua, eta bidea ireki zitzaion bakearen eraikuntzari, armagabetze zibilaren hastapena izan zelako; usteltze arriskuan zen prozesua orduan. Bost urteotan pausoak eman dira, baina batez ere alde batek; estatuen pausoak ez dira beti horien heinekoak. Berriz ere blokeo egoera batean gara», salatu du Funosasek. Hala, estatuekiko indar harremana indartu beharra azpimarratu, eta fase berri bat irekiko dutela aldarrikatu dute, «desobedientzia zibilaren haritik tiraka».

Izan ere, iragan azaroan fase «ofentsiboago eta determinatuago» bat abiatuko zutela erran zuten Bakegileek, azken urtean euskal preso eta iheslarien auzia konpontzeko «pauso esanguratsurik» eman ez dela argudiatuta. «Xistorren presondegitik ateratzearen urtemuga betetzen den egun honetan, euskal presoen eta bereziki Jon Paroten eta Jakes Esnalen auziak konpontzeko borondate eskasa ondorioztatu behar dugu, baita Espainiako Estatuan preso den Unai Paroten kasuan ere. Hori dela eta, 2022ko lehen sei hilabeteetan ofentsiboagoa eta determinatuagoa izanen den dinamika mobilizatzaile berria aktibatzeko erabakia hartu dugu», erran zuten orduan. Fase berriaren abiapuntu izanen den urtarrilaren 8ko protestara batzeko deia egin diete herritarrei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.