Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak Eusko Legebiltzarrerako boto asmoari buruzko Soziometroa argitaratu du; horren arabera, EAJk irabaziko lituzke bozak, egungo eserleku kopuru bera eskuratuta: 31. Boto ehunekoari begiratuta, jeltzaleak indar nagusia lirateke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hurrenez hurren bederatzi, hamabi eta hamar legebiltzarkide eskuratuta.
Gipuzkoan, ordea, EAJ eta EH Bildu berdinduta leudeke eserleku kopuruan. Hain justu, Soziometroaren iragarpenaren berritasun nagusia da EH Bilduren hazkundea; egun dituen 21 legebiltzarkideak baino bi gehiago izango lituzke (23). Araban eta Gipuzkoan ordezkari bat gehiago lortuko luke; Araban, seitik zazpira, eta Gipuzkoan, bederatzitik hamarrera. Koalizio subiranista bigarren indarra litzateke hiru herrialdeetan.
Hirugarren indar politikoa, berriz, PSE-EE litzateke, egungo ordezkaritzari eutsita: hamar legebiltzarkide. Iazko hauteskundeetan lau ordezkari lortu zituzten Araban, hiru Bizkaian, eta hiru Gipuzkoan, eta emaitza horixe bera izango luke gaur egun, Soziometroaren arabera. Haren atzetik legoke PP legebiltzarrean, egungo sei eserlekuei eutsita. Aldiz, Elkarrekin Podemos-IUk beste bi ordezkari galduko lituzke, bat Araban eta bat Gipuzkoan, eta seitik laura urrituko litzateke legebiltzarrean duen taldea.
Azkenik, Voxek eutsi egingo lioke Araban eskuratu zuen ordezkariari.