Ertzaintzak barne ikerketa artxibatuko du. Iñigo Cabacas gomazko pilota batek jo ostean hil zen, 2012an, Ertzaintza Bilbon oldartu ostean. Auzi judiziala egin zen, eta operazio haren buru izan zen polizia zigortu egin zuten bi urtera eta lau urteko inhabilitaziora. Barne ikerketa bat ere hasi zuten, eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak legebiltzarreko batzordean esan du barne ikerketa hori ere itxi egin dutela irekita zegoen sei ertzainetatik bosten kasuan. Erkorekaren esanetan, ezin zaie erantzukizun diziplinariorik eskatu, jada ez direlako Ertzaintzaren parte.
Erkorekak esan du barne ikerketa bakarra dagoela irekita: Cabacas auzia dela-eta epaitu zituzten ertzainetatik absolbituak izan zirenetako batena, «prozesatua izan zen ertzain bakarra baita oraindik ere Ertzaintzaren parte». Dena den, esan du oso zaila dela zehaztea ertzain horrek inolako araurik urratu ote zuen: «Bere gainetik zeuden agintarien aginduak bete zituen, ez besterik».
Agerraldia EH Bilduren eskariz egin du Erkorekak. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideari «lotsagabea» eta «etsigarria» egin zaio Iñigo Cabacasen auziaren harira hasitako barne ikerketa amaitutzat ematea. «Cabacasen senideentzat beste umiliazio bat izan da», Arzuagaren esanetan. «Zergatik egin zuten tiro egin zuten moduan pilotak bota zituztenek? Zergatik garbitu zituzten armak? Zergatik ezkutatzen dituzte frogak? Familiak justizia eskatzen du semea hil eta hamar urtera, baina Eusko Jaurlaritzak bizkarra eman die berriz ere».
Cabacas zenaren gurasoek ezinegona adierazi dute ikerketa artxibatzeko moduari buruz. Hedabideei egindako adierazpenetan, Ertzaintzaren eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko arduradunen «enpatia eta gizatasun falta» salatu dituzte, «bizirik egonik hil dituztela» erran dute.