Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioak eginen dituzte urtarrilaren 8an Bilbon eta Baionan, eta, Sarek gaur goizean iragarri duenez, Bilbon goizetik abiatuko dute aldarrikapen eguna. «Indarkeria anitzeko» biktimek emanen diote hasiera 10:30ean Euskalduna jauregian eginen duten ekitaldiari. Mahai inguruan izanen dira Robert Manrique, Naiara Zamarreño eta Rosa Lluch ETAren biktimak eta Maider Garcia eta Idoia Zabalza estatu indarkeriaren biktimak. Pilar Kaltzada kazetariak eginen dizkie galderak.
Sareren ustez, gizarteak «Euskal Herrian suntsitu eta eraitsi diren hainbat eta hainbat zubi berreraiki» behar ditu, eta «elkarbizitzaren alde borondateak batu». Horregatik emanen diete «ahotsa» biktimei: «Biktimei buruz asko hitz egiten da, bada baita haien izenean hitz egiten dutela dioenik ere, baina garrantzitsuena haiekin hitz egitea da, entzutea eta babesa ematea».
Mahai inguruaren ondotik, Sareko bozeramaileek «elkarbizitzarako bidean aurrera egiteko beharrari buruzko hausnarketa labur bat» plazaratuko dute, «enpatian, erantzukizunean eta sufrimendu guztien aitortzan eta errespetuan oinarritua». Halaber, «elkarbizitzarako eta bakerako bidean aurrera egiten jarraitzeko, euskal presoak etxera itzultzeko prozesuan aurrera egitearen beharrezkotasuna» azpimarratuko dute. Sarek jakinarazi duenez, azkenik, ekitaldiaren ondotik «uneari buruzko barne hausnarketa baten ondorioak» argitaratuko dituzte dokumentu «luze» batean: «Espetxe politikaren elementu distortsionatzaile guztiak ez ezik, indarkeriaren biktimei eman beharreko tratamenduaren inguruan, memoriaren kontakizunaren inguruan, egungo egoeraren datuen inguruan... hausnartu eta elementu desitxuratzaile guztiak aztertzen dituena».