Sorturen kongresu prozesuan bozkatu zutenen %71k Herrigaia txostenari babesa eman ondotik, dokumentuari zuzenketa partzialak egiteko aukera izan zuten militanteek abenduaren 5era arte. Sorturen Nazio Kontseiluak jakinarazi duenez, guztira 230 zuzenketa aurkeztu dizkiote txostenari: haren ustez, parte hartze «zabala eta aberatsa». Txostenaz gogoeta egiteko prozesua «sintesi ariketa kolektibo handi gisa» proposatu zuen Nazio Kontseiluak «hasieratik», eta, «kontsentsu zabalenak eskuratzeko filosofiarekin segituz», Sortuk azaldu du azken egunotan «ados jarri» direla zuzenketen egileekin, horietako «asko» bateratzeko. Hala, guztira 112 zuzenketa bozkatzen ahalko dituzte militanteek.
Akreditatuek abenduaren 17tik 19ra bitarte izanen dute bozkatzeko aukera: hots, asteburu honetan. Bozketa «garrantzitsutzat» jo du Sortuk, eta jakinarazi du gaur aurkeztuko dituela zuzenketa guztiak, memoria batean. Azaldu duenez, bertzalde, herri batzarretan agerturiko hainbat «kezka eta ekarpen» aintzat hartuta, Nazio Kontseiluak berak ere «autozuzenketak» aurkeztu ditu. Sortuko emakumeen batzarrean azaleratutako ekarpenak ere «bere egin» eta autozuzenketa modura sartu dituzte, «Herrigaia ikuspegi feminista batetik aberasteko». Zuzenketa guztien artean, bateraturikoak 44 dira, Nazio Kontseiluak babestutakoak 29, autozuzenketak 11, eta adostasunik gabekoak 28.