«Beste fenomeno konplexu batzuekin gertatzen den bezala, terrorismoaren hainbat definizio daude. Adituek ez dute adostasunik lortu terrorismoa zer den zehazteko orduan, baina ia kasu guztietan proiektu politiko jakin bat indarrez ezartzeko tresna baten aurrean gaudela azpimarratzen dute». Halaxe definitzen du terrorismoa DBHko laugarren mailako ikasleei zuzendutako Terrorismoa Espainian unitate pedagogikoak. Geografia eta Historiarako ikasgaia da. Astelehenean egin dute unitateen aurkezpena, Iruñean.
Unitate horretan azaltzen denez, terrorismoaren ezaugarrien artean daude «indarkeria klandestinoa» edo modu sekretuan jardutea, izu giroa eragitea, helburu politikoak inposatu nahi izatea eta eragin propagandistikoa izatea. Hala, DBHko ikasleei aipatzen zaie «terrorismoak maila ezberdinean» eragin duela inguruko herrialdeetan, eta «Espainian ideologia desberdinetako erakunde terroristek jardun dutela: «Nazionalista erradikalak, jihadistak, ultraeskuina eta ezker muturra». Ez da GAL aipatzen. Lehen hitzaurre horretan, bahiketa bati buruzko informazioa bilatzea eskatzen zaie ikasleei.
Ondoren, frankismoari, trantsizioari eta ondorengo demokraziaren urteei erreparatzen die. Diktaduran, «terrorismoaren lehen biktima» gisa azaltzen da Begoña Urroz, eta «ETAren lehen biktima» gisa, berriz, Jose Antonio Pardines guardia zibila. Honela definitzen du ETAren urte haietako jarduera: «Oposizio antifrankista osatzen zuen alderdi eta sindikatuen gehiengo handiak ez zuen hilketara jo diktaduraren aurka egiteko, tresna baketsuetara baizik, hala nola grebara, propagandara edo manifestazioetara. Terrorismoa gutxiengo baten tresna bat izan zen, ondorio konponezinak eragin zituena. ETAren kasuan, 43 pertsona hil zituen 1968. eta 1975. urteen artean». Lekukotzen artean aipatzen dira Jesusa Ibarrola Begoña Urroz haurraren amarena eta Fermin Garces Hualde Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuetako kidearena.
Trantsizioan ETAren eta GRAPOren jarduerari ultraeskuinaren indarkeria gehitu zitzaiola dio. Estatu kolpeaz, berriz, hau dio: «Urte haietan (1975-1982) baziren muturreko gutxiengo jakin batzuk, beren arerio politikoak eskubidedun pertsona gisa ez, beren helburu partikularrak lortzeko deuseztatu beharreko etsai gisa ikusten zituztenak. 1981eko otsailaren 23an Gudarosteko alderdi atzerakoiek estatu kolpe bat jo zuten».
Ondorengo urteen deskribapen azkar bat egiten du, ETAren atentaturik lazgarrienak aipatuz eta 2003ko martxoaren 11ko atentatu jihadistari ere erreparatuz: «Azken eraso hori Espainian inoiz izan den handiena izan da». Mugimendu bakezalearen ibilbidea ere aipatzen du, eta lekukotzen artean daude Conchita Martin 2000n ETAk eraildako Pedro Antonio Blanco teniente koronelaren alargunarena, AVTko Juan Carlos Cabrerorena eta Madrilgo aldirietako trenen atentatu jihadistan hildako Juan Carlosen semearena.
GAL, Batxilergoan
Batxilergoko bigarren mailako ikasleentzat ere izen bereko unitate didaktiko bat dago: Terrorismoa Espainian. Datu gehiago emateaz gain, diferentzia esanguratsu batzuk daude. Adibidez, indarkeria erabili duten taldeen artean, aurretik aipatutakoez gain GAL ere erantsi dute: «GALen (Grupos Antiterroristas de Liberación) kasua, estatu demokratiko batean ezin zurituzkoa, ez dator bat ultra ideologiarekin. Antiterrorismo mota bidegabeko eta parapolizial bat izan zen, ustez borrokatzen zituzten haien (ETA) metodo terrorista berak erabili zituena. 27 pertsona erail zituzten 1983 eta 1987 artean». Halaxe definitzen du.
Unitate pedagogiko honetan, galderak planteatzen zaizkie ikasleei. Adibidez: «La voluntad del gudari liburuan, egileak, Gaizka Fernandez Soldevillak bere buruari honako hau galdetzen dio, guri galdetzen digu: “Noiz eta non jaio zen fanatismoa? Zeintzuk ziren gorrotoaren sustraiak? Nola eta zergatik agertu zen ETA? Bat-batean jaio al zen? Zeri erantzuten zion ETAk indarkeriaren alde egindako apustuak? Eta zergatik ez zen gertatu gauza bera Espainiako beste hainbat lekutan?” Galdera horiek guztiak erabakigarriak dira».
Era berean, unitate honetan kasu erreal gehiago planteatzen dira, eta horri buruz taldeka lan egitea proposatzen zaie ikasleei, garaiko testuinguru historikoaren arabera. Adibidez, diktadura garaian, 1972an ETAk eraildako Eloy Garcia Cambra Galdakaoko udaltzainaren hilketa planteatzen da, eta galdetu: «Zuen ustez justifikatu al daiteke udaltzain honen hilketa diktadura betean burutu zelako? Argudiatu zuen erantzuna».
Beste kasuetako bat GAE eskuin muturreko taldeari egotzitako Alonsotegiko atentatua da. Lau pertsona hil ziren, eta horien artean Liborio Arana zegoen. Haren semearen testigantza jasotzen du unitate didaktikoak, eta bertan dio «oso gogorra» izan zela familiarentzat: «Nire semeari ez nion atentatuaz ezer kontatu orain gutxi arte. Ertzain egin nintzen hura argitzen saiatzeko. Poliziak oso gaizki jokatu zuen, batez ere ikerketan eta tratuan... José Amedo —gerora GALengatik zigortua— izan zen ikerketaren burua». Behin hori irakurrita, ikasleei proposatzen zaie «gertatutakoaren izugarrikeriaz, familiarentzako ondorioez» gogoeta egitea.
GALen beste aipamenik ez dago unitate horretan. Unitate didaktikoak gazteleraz, euskaraz, katalanez eta galegoz daude, eta ikasleentzako eta irakasleentzako materiala planteatzen dute.