Kaledonia Berria

Independentistek ez dute onartu erreferendumaren emaitzen «zilegitasuna eta balioa»

Kaledonia Berriko subiranistek hautsitzat jo dituzte Parisekin dituzten elkarrizketak datorren udaberrira arte: «Hurrengo gobernuarekin hitz egingo dugu».

FLNKS aliantza independentistaren mitin bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
ander perez zala
2021eko abenduaren 13a
16:59
Entzun

Dekolonizazio prozesuko hirugarren independentzia erreferendumaren biharamunean, Kaledonia Berriko independentistek mezu argia helarazi dute: ezer ez dela posible haien parte hartzerik gabe. Subiranisten ikuspuntutik, atzo sustaturiko estrategia «arrakastatsua» izan da, eta horrek eragin du galdeketaren emaitzek «zilegitasunik eta baliorik» ez izatea. «Erreferendum hau ez da Noumeako Akordioaren araberakoa izan», adierazi du sei indar politiko eta sindikatu bat biltzen dituen CSI-NP Ez-Parte Hartzerako Komite Estrategiko Independentistak.

Ofizialki, gaurtik hasita trantsizio epe batean sartu da Kaledonia Berria, eta Frantziako Gobernuaren plana argia da: 2023ko ekainera arte independentisten, loialisten eta Parisen arteko elkarrizketak egitea, Ozeaniako uhartediaren estatus berria definitze aldera. Negoziazio horien lehen aldia egunotan hasiko dute, Sebastien Lecornu Frantziaren Itsasoz Haraindiko ministroa Kaledonia Berrian baita etzira arte.

Etxebizitza bat, hutsik
.

Aurreikusitako bide orria, ordea, ez da espero bezala iragango: independentistek hautsitzat jo dituzte Parisekin zituzten elkarrizketak, eta ez dira mahai beraren inguruan eseriko datorren udaberrira arte, Frantzian presidentetzarako bozak egiten dituzten arte. Hala baieztatu du CSI-NPk, baita Roch Wamytan Kaledonia Berriko Kongresuko presidenteak ere, atzo: «Itxarongo dugu [Frantziako] errepublikako hurrengo presidentea aukeratzen duten arte, eta hurrengo gobernua prest dagoen arte. Hurrengo gobernuarekin hitz egingo dugu».

Wamytanen azalpen horiek ohartarazpen batekin etorri ziren, azaldu baitzuen atzoko erreferenduma berriz egin beharko dutela, eta hori exijituko dutela datorren urteko elkarrizketetan, Ozeaniako uhartediak «eutsi egiten baitio noizbait independente izateko bokazioari». Bide beretik jo du CSI-NPk, adierazita komitea osatzen duten indar politikoak eta sindikatuak ez daudela «Lecornu egutegian engaiatuta»: «Jakinarazitako hemezortzi hilabeteak agintaldi amaieran dagoen gobernu batekin hasiko dira. Itsasoz Haraindiko ministroa gure etxean izateak gehiago du presidentetzarako kanpaina batetik etorkizunerako irtenbideak ekartzetik baino».

2017tik 2020ra Frantziako lehen ministro izandako Edouard Philippek 2019ko urrian adierazi zuen deskolonizazio prozesuko hirugarren erreferenduma ez zela egingo «2021eko irailaren erdialdearen eta 2022ko abuztuaren» artean; tartean Frantziako presidentetzarako bozen bi itzuliak egingo dituztelako. Lecornuk, ordea, ez du errespetatu Parisek emandako hitza, eta alde bakarrez erabaki zuen atzoko data.

Gainera, COVID-19ak gogor jo du Kaledonia Berria udazken honetan, eta hildako gehienak kanakak izan dira —indigenak—; hortaz, independentistek azaldu zuten egoera horretan ez zegoela galdeketarik egiterik, melanesiar kulturan doluari ematen zaion garrantziagatik, eta haien kanpaina atez atekoa eta ekitaldi jendetsuz beterikoa izaten delako. Halere, Itsasoz Haraindiko ministroak entzungor egin zien eskari horiei, eta, azkenean, herri kolonizaturik gabe egin dute dekolonizazio prozesuko hirugarren erreferenduma.

Kopuruak, behera

Estrategia horren ondorioz, iazko galdeketarekin konparatuz gero, parte hartzea 41,82 puntu txikitu da aurten —%43,87ra—, independentisten gehiengo zabalak ez duelako botoa eman. Horrek eragin du, hortaz, baiezkoaren babesa ere apaltzea: %46,74tik %3,5era.

Zehazki, Frantziatik ateratzearen aldeko hautuak 68.786 boto gutxiago jaso zituen atzo, baita handik ateratzearen kontrakoak ere, 5.783 bototan egin baitzuen behera kopuru horrek. Hala, loialistek garaipena aldarrikatu duten arren, agerian geratu da pandemiak, galdeketaren testuinguru bitxiak eta kanpainak eragina izan dutela haien oinarrian ere.

Frantziatik ateratzearen kontrakoen artean poza da nagusi atzodanik. Sonia Backes Hegoaldeko Probintziako presidentearen iritziz, «[Frantziako] errepublikaren kidetasunaren auzia ez da gehiago pausatzen»; horren ordez, mahai gainean dagoena «gizarte proiektu bat eraikitzea» da, eta hori egin beharko dute datozen hilabeteetan, «elkarrekin».

MPC Mugimendu Popular Kaledoniarra alderdiko presidente Gil Brialek, berriz,atzo NC la1ère kateari adierazi zion ez dutela «barkamenik eskatu behar» galdeketa irabazteagatik. «Musika txiki bat instalatu da jakiteko garaipena zilegi den ala ez. Baina guk irabazi egin dugu. Denok elkarrekin lan egin beharko dugu, baina oinarri horrekin: irabazi egin dugula».

Independentistek ez bezala, loialistek Lecornuk antolaturiko negoziazioetan parte hartzeko asmoa dute. Horietan definitu beharko lukete Kaledonia Berriaren estatus berria, baina hirugarren galdeketa boikotatu dutenen jarrerak ziurgabetasunez bete du Parisen hitzordu sorta. Hori bai, Itsasoz Haraindiko ministroak atzo azaldu modura, iragan igandean gertaturikoa «ez da istorioaren amaiera» izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.