Herritarren eta instituzioen arteko lankidetza espazioak «ahalik eta determinazio politiko handienarekin» bultzatzeko deia egin du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, gaur, Etorkizuna eraikiz nazioarteko kongresuaren inaugurazioan. Olanok nabarmendu duenez, kongresuaren bidez gobernatzeko «modu berri bat» errotzen ari da Gipuzkoan, egungo erronkei erantzun «eraginkorrak» emateko eta «populismo xenofoboak» zein demokrazia «kaltetzen» duten korronteak hedatzea saihesteko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Deustuko Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak antolatu dute Etorkizuna eraikiz kongresua; gaur hasi eta bihar amaituko da, Donostiako Kursaalean, eta 600 parte hartzailek baino gehiagok eman dute izena. Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Markel Olanok, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Cinzia Alcidi CEPS Centre for European Policy Studies erakundeko ikerketako zuzendari eta Politika Ekonomikoko Unitateko buruak.
Olanoren arabera, topaketak Gipuzkoako «lankidetzazko gobernantza eredua sendotzeko» balioko du, baina, horretarako, beharrezkoa da «lankidetzan oinarritutako eredu parte hartzaileagoak» adostea. Gaineratu du erakundeek herritarrekin «zubiak berreraiki» behar dituztela, elkarlanean etorkizun «hobe baten alde» egin ahal izateko.
2016an sortu zen Etorkizuna eraikiz, eta, Olanoren aburuz, egitasmoak, «bizitasun handia» izateaz gain, Aldundiaren eta herritarren arteko harremanak «eraldatu» ditu. Horrekin batera, gogorarazi du bost urtetan 125 proiektu babestu direla, 200 elkarte, erakunde sozial eta ekonomiko baino gehiagoren parte hartzearekin. Diputatu nagusiak, gainera, Etorkizuna eraikiz-en parte hartzen duten guztiak «ez konformatzera» gonbidatu ditu, elkarlanean «Gipuzkoaren etorkizuna amestu eta eraiki» ahal izateko.