Manifestazioetan, ongi; kontzertuetan, adi

Ugo Mayor EHUko Ikerbasque fundazioko ikertzaileak beste esperimentu bat egin du jendea pilatzen den lekuetan koronabirusa airez kutsatzeko arriskua zein den aztertzeko. Bilbo Arenan eginiko kontzertu bateko airea aztertu du, eta emaitza kezkagarriak jaso ditu.

Ikertzaileak kontzertuan bost minuturo egniko neurketekin osaturiko irudia. UGO MAYOR
Edu Lartzanguren.
2021eko abenduaren 13a
08:32
Entzun

Azaroaren 20an EH Bilduk milaka pertsona bildu zituen Bilboko kaleetan manifestazio batean. Aukeraz baliatu zen Ugo Mayor biologoa. EHUko Ikerbasque taldeko ikertzaileak airean dagoen CO2 maila neurtzeko gailu bat eraman zuen manifestaziora, eta arnasturiko airearen kontzentrazioa aztertu zuen. Ondorioztatu zuenez, «aire zabalean, jende pilaketa handi batek ez du berez arriskurik sortzen». Asteburu honetan, berriz, esperimentu berdina egin du, areto itxi baina handi batean eginiko kontzertu batean, eta emaitzak oso ezberdinak izan dira, eta kezkagarriak.

Sare sozialetan eman du ikertzaileak esperimentuaren berri. Gogoratu du nazioarteko osasun agintariek gomendatzen dutela areto itxietan CO2 kontzentrazioak ez gainditzea 800ppm maila (milioiko parteak), eta arriskua 1.200 ppm-tik gora sortzen dela.

Frantziako Gobernuak CO2 kontzentrazioarekin nola jokatu azaltzeko argitaratutako grafikoa.BERRIA

Neurgailuaren zenbakien arabera, ordea, 1.200 ppm-ko muga hori berehala gainditu zen Bilbo Arenan. Kontzertua hasi eta ordu erdira, 1.300-1.500 mailan zegoen areto barneko airea. «Eta min egiten dit horrek, uste dudalako kultura babestu egin behar dela», idatzi du ikertzaileak.

Azaldu duenez, Bilbo Arenak harmailak kanpoarekin zuzenean lotzen duten berrogei ate ditu. Alde bakoitzean horietako hiru irekitzea aski izango zen, ikertzailearen arabera, aretoko airea berritzeko, gurutzaturiko aireztapenaren bidez. Eta gaineratu du ez duela zentzurik hotza aipatzeak hori ez egiteko. Izan ere, kontzertuan airearen tenperatura 31 gradura heldu zen, haren neurketaren arabera.

Adierazi duenez, aire librean egiten diren kontzertuetan «arriskua hogei aldiz» txikiagoa da, eta horiek berreskuratu beharko lirateke.

«Zaindu maite duzun hori», idatzi du, zuzeneko musikari erreferentzia eginda. «Kaleak berreskuratu ditzagun kultura sustatzeko. Ganoraz eta ondo antolatuta, burbuiletan, supermerkatu batean erosketak egitea baina askoz arrisku gutxiago duelako».

Emaitzak baieztatzen du ikertzaileak azaroaren 6an egin zuen beste neurketa bat. Kontzertu areto batean 2.744 ppm neurtu zituen orduan. Urrian, beste kontzertu batean, 1100-1250 ppm artean neurtu zituen. «Eta leku itxietan aireztapena egokia dela ziurtatuko bagenu?», adierazi du.

Manifestazioetan, arazorik ez

Mayorren datuek are ikaragarriagoak ematen dute azaroko manifestazioarekin lortu zituenekin kontrastatuz gero.

Manifestazioan bost minutuan behin egin zituen neurketak, kale erdian, eta zehaztu zuen berak ez zuela haizerik sumatu. Neurtu zuen kontzentraziorik handiena: 544 ppm.

«Manifestazioan, pertsona bat maskara gabe gertu egotea izan zitekeen kutsatzen arrisku faktore bat. Baina beste guztiak, ez», ondorioztatu zuen Mayorrek.

Haatik, antzeko neurketak egin zituen bi jatetxetan jangela batean, metroan eta autobus batean. Hogei pertsona baino gutxiago zeuden jatetxean, eta aireztapen egokia bazegoen, baina, halere, 800-900 ppm neurtu zituen. Jatetxe handi batean 1.090 ppm neurtu zituen. Metroan, 1.533 ppm, eta, autobusean, 1.647.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.