Ebro hasi da bere onera itzultzen

Tutera parean, ibaiak 14:00ak inguruan izan du emari gehien. Nafarroako Gobernuak eskatuko du kaltetutako herriak hondamendi naturalen gune izendatzeko. Frantziako Barne ministroak Baiona bisitatu du, kalteak jasan dituzten dendariekin egoteko.

Suhiltzaileak, Atarrabian. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK
Irati Urdalleta Lete - Paulo Ostolaza
2021eko abenduaren 11
09:35
Entzun

Nafarroako Gobernuak beteko du hainbat alkatek azken orduetan egindako eskaera: eskatuko du uholdeek kaltetu dituzten herriak hondamendi naturalak jasan dituzten gune gisa izendatzeko. Hala jakinarazi du Maria Txibite Nafarroako lehendakariak, eta esan du bihar bilduko dela kalteak jasan dituzten Nafarroako 74 herrietako alkateekin.

Izan ere, azken egunetan pilatutako urak kalteak eragin ditu Erriberan. Azkoienen, Faltzesen eta Funesen (Nafarroa) gainezka egin zuen atzo Arga ibaiak. Gaur, berriz, Ebro atera da bere bidetik, eta kalte handiak eragin ditu. Lehenik Castejonen, eta gero Tuteran; Erriberako hiriburuan egoera larriena gaur goizean izatea espero zen, eta hala izan da: urak hartu ditu hiriko hainbat kale.

Iragarri zuen hala gertatuko zela Ebroko Ur Konfederazioak, baina azkenean uste baino beranduago izan du emari gehien ibaiak, 14:00ak aldera. Udalak bigarren larrialdi maila aktibatu du.

Hiru herri horietan hainbat bizilagun etxetik atera behar izan dituzte. Nafarroako Gobernuak eskatu du mugikortasuna murrizteko eta autoak soilik muturreko kasuetan hartzeko. Moztuta daude errepide nagusiak. Cabanillasen eta Fustiñanan gerta daitekeenak ere kezkatzen du Nafarroako Gobernua, «erdi bakartuta gera daitezkeelako». Iparralderago, Leitzan, luizi bat izan da goizaldean eta errepidea moztu behar izan dute.

Kalte materialak ez ezik, bi hildako ere eragin dituzte azken egunetako euriteek. Elizondoko (Nafarroa) 61 urteko gizonezko bat desagertu zen herenegun, Lesakara (Nafarroa) lanera zihoala. Atzo aurkitu zuten hilotz Bidasoa ibaian, Lesaka parean. Autoaren barruan zegoen, eta ezin izan zuten atera, uraren indarragatik eta ateratzeko lanetan sor zitezkeen zailtasunengatik. Gaur goizean atera dute autoa ibaitik. Azken egunetako uholdeetan hildako bigarren pertsona da. Izan ere, herenegun andre bat hil zen Sunbillan (Nafarroa), luizi batek harrapatuta.

Atzo, Txibite Burlatan eta Atarrabian izan zen, eta gaur Faltzesera eta Tuterara joan da, uholdeek eragindako kalteak bertatik bertara ikusteko. Nafarroako Ahal Dugu-k esan du «konpromisoa» dutela kaltetuei konponbideak emateko «bide politiko guztiak» martxan jartzeko. Navarra Sumak esan du hondamendi eremua izendatzea eskatuko duela.

Gaur, berriz, San Adrianen (Nafarroa) izan da Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroa. Azaldu du Espainiako Gobernua ari dela jada «berreskurapen fasean» lanean. Kaltetutako herriak hondamendi naturalen gune izendatzeari buruz, esan du ikusteko dagoela eskari horrek egingo duen bidea, baina begibistakoak direla uholdeek eragindako kalteak.

Araban, Zadorrari so

Uholdeek arazo larrienak Nafarroan eragin badituzte ere, Araban ere gorabeheratsua izan zen atzoko eguna. Zadorra ibaiak gainezka egin zuen Duran, baita Gasteizko Abetxuku eta Gamarra auzoetan ere, euriaren eta urtegietatik ateratako uraren ondorioz. Gasteizko gizarte zerbitzuek Abetxukuko 28 bizilagun artatu zituzten. Guztiek hotel batean igaro behar izan dute gaua. Gainera, jakinarazi zutenez, herenegun Aztegietako lau familiatako bederatzi bizilaguni ere ostatua aurkitu behar izan zieten, etxean ura sartu ostean. Halere, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak esan zuen kalteak ez direla espero bezain larriak izan.

Eta errepideetan ere, buruhausteak. Ur putzuen eta luizien ondorioz, dozenaka errepide itxi behar izan zituzten: besteak beste, N-121-A errepidea, Belateko eta Almandozko tunelak itxita zeudelako; N-113 errepidea; Gasteizen, Bilbora Forondatik eta Gamarratik joateko errepideak; Baiona eta Uztaritze (Lapurdi) arteko errepidea; eta Azkaine eta Senpere (Lapurdi) artekoa. Mallabian (Bizkaia) ere hamabost egunez egongo da itxita errepidea. Aldiz, bezperan itxita egon baziren ere, atzo irekita zeuden Mendarorako (Gipuzkoa) sarrera-irteerak. Nafarroako Gobernuak gomendatu zuen errepidera ez ateratzeko, «ezinbestekoa» ez bazen behintzat.

Gainontzean, lasaiago

Euskal Herriko gainerako lekuetan lasaiago igaro zuten eguna. Atzokoa garbitzeko eta bezperan urak eragindako kalteak zenbatzeko eguna izan zen. Iruñerrian, esaterako, kalte ugari sortu zituen urak, eta atzo eskuak bete lan izan zuten. Atarrabian auzolanera deitu du udalak atzo eta gaur, eta kaltetuei nola lagundu diezaieketen jakiteko telefono zenbaki bat jarri diete eskura. Iruñeko Arrotxapea auzoan ere auzolana antolatu zuten, euriteek sortutako kalteak konpontzeko asmoz. Ehun herritar baino gehiago joan dira kalte ordainak aseguruei nola eskatu jakiteko Iruñeko Udalak jarritako bi lekuetara.

Baionan, berriz, hogei lagun atera zituzten etxetik, euriteengatik. Gainera, Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa Baionara etorri zen, kaltetutako saltegiak bisitatzera. Orotara, Errobi ibaiaren bazterreko hogei saltoki ingururi egin die kalte denboraleak, eta Darmaninek esan zuen hondamendi eremu izendatuko dutela Ipar Euskal Herria. Hala ere, pixkanaka, normaltasunera itzultzen ari dira Baionan. Herenegun itxi bazuten ere COVID-19aren aurkako txertoa jartzeko atondutako gunea, atzo, adibidez, berriro martxan jarri zuten.

Atzo goizerako okerrena pasatuta zegoen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak adierazi zuenez. Goizean egin zuten uholdeez hitz egiteko bilera, eta erabaki zuten arrisku maila apaltzea Bizkaian eta Gipuzkoan: larrialdi fasetik alerta fasera igaro ziren. Araban, berriz, mantendu egin zuten larrialdi fasea, Zadorrak eragin zitzakeen arazoengatik. Gaur indargabetu dute. Halaber, euriagatik abisu horia ezarrita egon zen hiru lurraldeetan, hori ere gaur goizean kendu duten arte.

Segurtasun sailburuak eskerrak eman zizkien larrialdi zerbitzukoei, eta meteorologia zerbitzuen lana ere goraipatu zuen, kalte «ugari» izan badira ere «ahalik eta txikienak» izaten lagundu dutelako. Erkorekak esan zuenez, aurreko hiru egunetan 1.500 gorabehera erregistratu zituzten, eta atzo, ehun inguru. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, «azken hamarkadetako denboralerik garrantzitsuenetakoa» izan da: «Leku askotan hamar edo hogei egunean urte osoan egiten duen euriaren herena egin du». Gaurtik aurrera, eguraldiak hobera egingo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.