Kito. Amaitu da Munduko Xake Txapelketako finala, Dubain. Magnus Carlsenek irabazi du bosgarren aldiz titulua. Norvegiarrak nahikoa izan ditu 11 partida Ian Nepomniaxtxi errusiarrari gailentzeko. Hain handia izan da haren nagusitasuna, finala amaitzeko hiru neurketa falta zirela izan da txapeldun. 7,5 puntu lortu ditu 11 norgehiagokatan, Nepomniaxtxik baino lau gehiago.
Parekatuak izan ziren finaleko lehen bost partidak, eta horren erakusle da Carlsenek eta Nepomniaxtxik berdinketa adostu zutela guztietan. Seigarren neurketan, ordea, txapelduna nagusitu zen, neurketa oso luzean; zortzi ordu iraun zituen, inoizko luzeena Munduko Txapelketa batean. Errusiarrak jarraipen arriskutsua aukeratu zuen, eta azkenean defentsa pasibo egoeran geratu zen. Carlsen oso abila da halakoetan, eta pixkanaka aurkariaren posizioa gero eta gehiago zaildu zuen. Berdinduta zegoen posizioa, baina hautagaia txapelduna baino larriago zegoen. Partidaren gogortasunak ere Nepomniaxtxi nekarazi zuen, eta akats txikiak egiten hasi zen. Carlsenek, ordea, bere joko zehatzari eutsi zion, eta lehen garaipena lortu zuen: 3,5-2,5. Galtzeak min handia egin zion hautagaiari, eta kontrola galdu zuen. Horren ondorioz, huts larriak egiten ari zen. Hala, hurrengo lau partidetatik hirutan nagusitu zaio Carlsen.
Carlsenek munduko koroari eutsi dio, eta gutxienez 2023ra arte izango da gailurrean. Lorpen handia da, xakearen historian soilik Emanuel Laskerrek (27 urte) eta Garri Kasparovek (hamabost urte) eutsi baitiote horrenbeste denboran tituluari. Ikusi behar da oraindik norvegiarra noraino irits daitekeen, baina bere jokatzeko era ziur eta zehatzarekin eta final honetan gertatutakoa ikusita, zaila dirudi inork hura gainditzea.