Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna baliatuta, Etxerat elkarteak giza kate bana egin du Iruñean eta Gasteizen, jasaten dituzten «eskubide urraketa guztiez nazkatuta» daudela adierazteko. Giza Eskubideen defentsan. Salbuespen politika stop lelopean, Nafarroako Parlamentuaren eta Eusko Legebiltzarraren aurrean bildu dira, eta salatu dute Espainiako eta Frantziako gobernuek «salbuespeneko espetxe politikari» eusten diotela: «Bozgorailua pizten dugu sufrimendua eragiten duten politika diskriminatzaileak mantentzeari uko egiteko».
Euskal presoei «justizia arrunta aplikatzeko eskubidea» ukatzen dietela gaitzetsi du elkarteak, eta horrek senideengan izan dituen eraginak gogoratu: «Gure bizitzak arriskuan jartzera behartu gaituztelako, urrun dauden espetxeetan bisitatu ahal izateko». Era berean, hizpide izan dituzte COVID-19ak kartzeletan, eta presoen eta euren gertukoen arteko harremanetan izan dituen eraginak. «Haserrea eta sumina» adierazi dituzte komunikatzeko izaniko «debeku eta zailtasunengatik», eta bat egin dute arlo horretan presoen eskubideen defentsan aritu diren beste hainbat elkartek eginiko salaketekin.