Erakundeak

Urkulluk eta Txibitek bi gobernuen arteko lankidetza hitzarmena eguneratu dute

2016an sinatutako protokoloaren edukiak zabaltzea eta egungo egoerari egokitzea adostu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. 29 esparrutan erdietsi dituzte lankidetza akordioak.

Txibite eta Urkullu, gaur, hitzarmena sinatzen. IREKIA
Edurne Begiristain.
2021eko abenduaren 10a
14:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eta Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek bi gobernuen arteko lankidetza protokoloa berritu dute gaur, Iruñean. 2016an bi gobernuek sinatutakoa zabaldu eta eguneratzen du akordioak, eta bi erkidegoen arteko lankidetzarako oinarriak ezartzen ditu 29 esparrutan. Ekonomian, arlo sozial eta ekonomikoan, esparru administratiboan, azpiegituretan eta teknologian eragina du hitzartutako akordioak.

Urkulluk azpimarratu du bi erkidegoen arteko «harremana berezia» dela, eta lotura «historiko, linguistiko eta sozioekonomikoak» dituztela. «Pandemiak erakusten du erronkak globalak direla. Beharrezkoa da esperientziak partekatzea eta trukatzea, elkarrekin ikastea, lankidetzatik erantzuteko. Ikasitako lezioa da, eta bat gatoz». Bestalde, Txibitek adierazi du Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean jarraitzeko asmoa duela foru gobernuak, «leialtasun instituzionaletik abiatuta, herritarrei zerbitzu hobeak emateko eta garapenerako eta aurrerabiderako aukera bihurtzeko».

Gaur sinatutako dokumentuan lankidetza-arlo berriak sartu dira, eta lehendik zeuden batzuk neurri berriekin eguneratu. Eremu berriei dagokienez, migrazio-politiketan bi gobernuek bat egin dute «beren lurraldera iristen diren migratzaile guztiei harrera egokia» emateko helburuarekin. Horretarako,«kulturen arteko bizikidetza eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borroka hobetzeko mekanismoak» sustatuko dituzte.

Horrez gain, aniztasunarekin lotutako akordioa ere jaso dute hitzarmenean, eta bertan nabarmendu dute «LGTBI+ kolektiboetako pertsonen eskubideak bermatzeko konpromisoa». 2030 Agendak eta garapen jasangarritako helburuek eremu berri bat hartzen dute protokoloaren barruan, eta bertan adierazten denez, bi gobernuek helburu horiek beren gain hartzeko eta politika publikoen diseinuan horiek bultzatzeko konpromisoa hartzen dute.

Bestalde, gizarte zerbitzuen arloan, bi gobernuek erabaki dute akordio bat bultzatzea «mugakide diren eremuetan bizi diren mendeko pertsonek itundutako zerbitzuak edo zerbitzuari lotutako prestazioa jaso ahal izateko, erroldatze-beharrik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.