Greba mugagabea abiatu dute IMQren Bilboko Zorrotzaurreko eta Andre Maria Zuriaren kliniketako garbitzaileek. ELAk azaldu duenez, abendu amaieran 90 langile kaleratuko ditu enpresak, bere gain hartuz garbiketa zerbitzua, eta «aitzakia» horretaz baliatuta, oraingo lantaldea subrogatzeari uko eginez. Langileek beraiek azaldu dutenez, haietako askok hamar urtetik gora daramate IMQrentzat lanean, azpikontratatuta. Ia denak emakumeak dira.
IMQk urtarrilaren 1etik aurrera ezarri nahi du neurria. Urteko azken egunean amaitzen da osasun zerbitzu pribatuak ematen dituen enpresaren eta garbiketa lanez arduratzen den Gizatzen azpikontrataren arteko lan harremana. Sindikatuaren arabera, IMQk ez du nahi berak edo azpikontratatuko duen beste enpresak azken urteetan Gizatzenentzat lanean aritu direnak beretzat hartzea (subrogazioa). «Langile merkeagoak eta errentagarriagoak nahi ditu, antzinatasunik eta plusik gabeak», salatu dute langileek. «Gutako askok hamar, hamabost, hogei edo 40 urte daramagu IMQrentzat lanean. IMQk trufa egiten digu. Argi dago merkantzia baino ez garela harentzat, egun batetik bestera bota daitekeen merkantzia».
Ez da lehenengo aldia lantaldea mobilizatzen dena lan baldintzak hobetzeko: arrisku plusa ezartzeko, behin-behinekotasunaren aurka, berdintasun plan bat eskatzeko eta, bereziki, enpresa hitzarmena lortzeko. Azken aldian soldata arrakalarekin amaitzeko mobilizazio ugari egin dituzte. Urrian hasi zituzten, eta azaro amaieran greba egiteko asmoa agertu zuten. Hori iragarri eta gutxira, IMQk burofax baten bidez jakinarazi zien garbiketa zerbitzua bere gain hartzeko asmoa zuela, langileak subrogatzeko intentziorik gabe.
Kliniketako garbitzaileen eskubideak eraikinak garbitzeko Bizkaiko hitzarmen kolektiboan daude jasota, ELAren arabera, horrek subrogazioa bermatzen du. Susmoa daukate eskubide horren aplikazioa saihestu nahi duela langile berriak bere gain hartuz, gero, lan baldintzak hobetzean, berriz ere azpikontrataziora jotzeko. Enpresaren jokabidea salatu du sindikatuak, eta jakinarazi du auzitara eramango duela, «90 langileek IMQren instalazioetan lan egiten jarrai dezaten».
Epaitegietan bezala, kalean mobilizatuko da ELA. Langile asko dira kaleratze arriskuan daudenak, ia denak emakumeak, eta sindikatua indar berezia jartzen ari den sektore batekoak dira. Subrogazioaren aldeko borroka ere aspaldikoa da, batez ere garbiketaren sektorean. ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio gatazkan «inplikatzeko», eta «jarrera aktiboa» agertzeko.
@ImqEuskadi|k garbikuntzako 90 langile kaleratu nahi ditu
— ELA sindikatua #AktibatuLortuZaindu (@ELAsindikatua) December 10, 2021
📽ï¸Â "Argi dago eurentzat gu merkantzia hutsa garela"#IMQBorrokanpic.twitter.com/NFgtYkqxxG
IMQko lan gatazka enpresaren etorkizunean garrantzi handikoa den momentu batean ari da gertatzen. Bere jabetza eskuz aldatuko da laster. Azken urteetan giro gatazkatsua egon da horregatik, bereziki akziodun diren medikuen eta kudeatzaileen artean, akzioen salmenta prezioa dela-eta. Bi aldeek nahi duten kopuruetan erosteko bazkide baten bila aritu dira, eta gorabehera ugariren ostean, ekaineko akziodunen batzarrean adostu zuten Adeslas aseguru konpainia izatea eroslea -gaur egun IMQren %45aren jabea da Adeslas-; operazioak, baina, oraindik ez du batzarkide guztien oniritzia jaso.ELAk gogoratu du iaz enpresak hamahiru milioi euro banatu zituela bere akziodunen artean.
IMQ osasungintza pribatuko lehen konpainia da Euskal Herrian. Haren esku dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitale pribatuen kudeaketaren %84. Horrez gain, duela 87 urte Bilbon sortutako taldeak aseguru etxeak ditu, zahar etxeak, lan osasuneko prebentzio zentroak... 350.000 bezero inguru ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Soldata noiz jasoko zain
Bestalde, garbiketa sektorearekin loturik, Limpiezas Joxeaneko langileek salatu dute enpresak ez diela soldata osoa ordaindu azken bi hilabeteetan. 180 behargin dira guztira. Enpresak arazo ekonomikoak argudiatu ditu, baina sindikatuen arabera, ez du inolako dokumenturik aurkeztu hori justifikatzeko. Mobilizazioak hasiko dituzte laster.