Allande Sokarros kazetaria zendu da, 64 urterekin. Etxebarren jaioa zen (Zuberoa),eta urteetan aritu zen kazetari, Euskaldunon Egunkaria-n besteak beste.Ekintzailea ere izan da, politika eta kultur arloan nagusiki, eta Zuberoako herri elkargoko presidenteorde ere izan zen. Kultur arloko eragilea zen Zuberoan, maskaradetan eta pastoraletan aditua eta aritua. Azken urteetan Sü Azia elkartean parte hartzen zuen. 2018ko uztailean euskalzain urgazle izendatu zuten, eta Euskalkien, Euskara Batuaren Eskuliburuaren eta Euskara Eskuz Esku egitasmoaren lan taldeetan parte hartzen zuen. Itzultzaile lanetan ere aritzen zen, EEP Euskararen Erakunde Publikoarentzat besteak beste. «Gure euskal gizartearen ezagutza handia zuen, zuberera eta euskara batua izigarri ontsa menperatuz», adierazi du Battittu Coyos Euskaltzaindiko Ipar Euskal Herriko ordezkariak. «Galtze handia da Zuberoa eta euskararendako. Bere bizi osoa euskarari eta Euskal Herriari eman die, izan dadin luzaz kazetari gisa, Zuberoako euskararen aldeko mugimenduan aitzindari, artikulu eta liburu andanaren egile gisa edo Etxebarreko zinegotzi eta Xiberoa Herri Alkargoko lehendakariorde gisa».
2014an Ipar Euskal Herriko Hitza-ri eskainitako elkarrizketa batean aletu zuen bere ibilbidea. 1980eko hamarkadan piztu zitzaion kontzientzia politikoa. Garai hartan, argazkilari izateko asmoa zuen, eta 1978an Hego Euskal Herrira joan zen. «Gazteria oldartua topatu nuen bertan, eta, arrazoiak ulertu nahian, hurbiletik interesatu nintzen gaiari». Bi urte beranduago, 1980ko martxoan, Txomin Olhagarai eta Ramuntxo Arruiz Iparretarrak erakunde klandestinoko kideak hil ziren, Baionako suprefetaren kontra ezarri nahi zuten lehergailua lehertu zitzaienean. «Garaiko belaunaldi osoa bezala, izugarri afektatu ninduen», kontatu zuen Sokarrosek.
Bera ere IK-ko militante izan zen; «bere bila» joan zitzaizkiola esplikatu zion Hitza-ri. «Nire borroka ez zen armatua izan, klandestinoa baizik. Ni armarik gabeko sailean ari nintzen lanean; politikagintzan. Bi adar baitzituen, politikoa eta armatua, nahiz eta biak politikoak diren. Klandestino-legala zara etsaiak ezagutzen ez zaitueno; gero ilegala bilakatzen zara. [...] Ni 1989ko urtarrilean bilakatu nintzen ilegal, atxilotu nindutelarik. Mendikotan (Zuberoa) gertatu zen, paper batekin sakelan harrapatu nindutelarik sator batek salaturik». 1991an auzipetu zuten eta sei hilabete eman zituen preso Parisko La Sante presondegian. 1993an berriz atxilotu zuten, baina Pariseran eraman ondotik aske utzi zuten.
Abertzale gisa identifikatu izan du bere burua. «[Abertzalea izatea] kontzientziaduna izatea da; herri batek bere eskubideak, eskubide osoa baitu, ez errespetatuak dituelako jakitun izatea. Injustizia horren sentitzea da abertzale izatea. Kultur asteak antolatzea abertzale izatea da: ibiltzea, mintzatzea, elkar gurutzatzea… Juntatzen gaituzten ideiak bilatu behar dira. Herria biziaraztea da abertzale izatea».
«Aspalditik» ezagutzen zuela esplikatu dio BERRIAri Xan Koskarat IK-ko militante ohiak. «Lagun mina, adiskidea nuen». Sokarros pertsona «libre, berezi eta autonomo» bezala deskribatu du: «Berak pentsatzen zuena erraten zuen, nahiz eta ez zen beti denen gustukoa». Ipar Euskal Herriko borroka anitzetan bat egin zutela kontatu du. «IKko militante izan zen, baina erraten zuen bortizkeria ez zuela maite. Engaiatu zen beharra ikusten zuelako; erraten zuen akuilu izan behar zela iparraldean ziren borroketan».
Zuberoari eta Ipar Euskal Herriari zien atxikimendua azpimarratu ditu Koskaratek. «Ikusten zuen Euskal Herriko askapen borrokan Iparraldea ez zela kontuan hartua. Partikularzki ETAren garaian zen, eta horrek zuen lehentasuna. Allandek erraten zuen Ipar Euskal Herriak behar zituela bere urratsak eman». Bere burua «anti-ETA» gisa definitzen zuen Sokarrosek, haren «sudur-sartzeen erabat kontrakoa» zela erranez. «Hemengoa hemengoek kudea dezatela. Garai gogorrak ziren, ETAk IKri bidea trabatzen ziolako, baina ez zuen sekula lortu IKri bidea moztea», esplikatu zion 2014an Hitza-ri. Koskaratek azpimarratu du Ipar Euskal Herriak autonomia estatutu bat lortzea defendatu zuela aspalditik Sokarrosek. «Lehentasun bezala ikusten zuen, baina, beretzat, lehen urrats bat zen».
Kazetaritzan
Kazetaritza arloan jardun izan du urteetan Sokarrosek. Euskaldunon Egunkaria sortu zenean, Ipar Euskal Herriko sinaduretatik bat harena izan zen. Estatuak sailean aritzen zen garaian, Frantziako Estatuko eta haren meneko herrietako informazioak lantzen. Gerora, Zuberoako aktualitatearen berri ematen ere aritu zen, eta BERRIAn ere jarraitu zuen kolaborazioak egiten. Ekaitza astekari politikoko erredakzio zuzendaria ere izan zen, eta Xiberoko Botzako administrari, laguntzaile eta kronikaria zen. Hitza Pitz bloga ere elikatzen zuen, bere gogoetekin.
Iker Aranburu BERRIAko kazetariarekin aritu zen urteetan Egunkaria-ko 'Estatuak' sailean; bien artean kudeatzen zuten. Sokarrosek Frantziako Estatuko albisteak josten zituen, irratietan entzun eta egunkarietan irakurritakotik, eta Aranburuk Espainiako Estatukoak. «Eguerdi aldera deitzen nuen, eta luze egoten ginen, eguna nola banatu erabaki nahian. Teknologia aldetik oso baldintza eskasak zeuden. Batzuetan, diktatu egiten zituen bere testuak, baina normalean idatzi eta faxez bidaltzen zituen», oroitu du. «Hasieratik oso harreman ona izan genuen, bera helduagoa eta ni gaztetxoa, baina beti goxotasun handiarekin, doktrinarik gabe... Mihi gaiztoa beste batzuentzat gordetzen zuen.[...] Jasanezina zitzaion Frantziako Errepublikaren zentralismoa, nahiz eta gero artikuluetan bazekien distantzia nola gorde Parisko kastari buruz idatzi behar zuenean».
Harekin izandako harremanak Ipar Euskal Herriari buruzko ikuspegia «ireki» ziola dio Aranburuk, eta Zuberoa «desmitifikatzen» lagundu zuela. «Asko maite zuen, oso- oso zuberotarra zen; maskaradaz eta pastoralaz hitz egiteko prest, baina hasieratik garbi utzita Zuberoa ez zela laino mistiko eta liriko bat inguratzen zuen lurralde bat, baizik eta hezur eta haragizko pertsona arruntak zituen lurralde bat, bere argi-ilunekin». Gerora ere behin baino gehiagotan elkartu izan da harekin. «Hegoaldeko askorentzat Zuberoaren atea ireki zuen pertsona izan zen. Askotan jasotzen zituen hegoaldetarren bisitak, batetik eta bestetik ezagututakoak, eta Zuberoako txokoak erakusten zizkigun, ohiturak esplikatu, istorioak kontatu, zubereraz hau eta hura nola esaten zen azaldu...».
Kazetaritzako «lehen esperientziak» Sokarrosekin izan zituela gogoan du Eneko Bidegain kazetari eta irakasleak. Ekaitza-n astekarian ezagutu zuen, eta gerora Egunkaria-n egin zuten topo berriz. «Bere kazetaritza lanei esker, euskaraz segitu ahal izan dugu bereziki Frantziaren meneko herrietan gertatzen zena», kontatu du. «Azken urteetan, blogari gisa idatzi dituen bere gogoeta politiko sakonak irakurri izan ditut, eta harekin elkarrizketa batzuk ere eduki izan ditut. Pena handia da bere heriotza. Oraindik anitz bazuen ekartzeko herri honi»
«Galtze handia»
Sokarros aspalditik ezagutzen zuen Marcel Bedaxagar kazetariak ere; batera aritzen ziren Sü Azia elkartean. «Elkarrekin lan anitz egin dizugu, besteekin ere bai, baina bereziki Allandek eta biok, liburu franko badizkizugu argitaraturik. Hura zuzun gure euskararen zuzentzaile kartsua, guk euskara emaiten baitugu, baina haren idazteko huts anitz egiten, eta hark bazizun izugarriko begia hutsen zuzentzeko, eta horretan anitz lagundu gaitu, guretako galtze zinez handia duzu», kontatu dio BERRIAri.
Besteak beste Xibokazt podcasta abiatu zuten elkarrekin, teknikari baten laguntzarekin. Zuberari buruzko esplikazioak ematen zituzten bertan, bereziki ahoskatzeari buruz. «Kontra joan gabe baina erakutsi nahi genizun guk nola ematen dugun euskara, ikusirik gero eta gaizkiago mintzo dela xiberotarrez». Hor ere «euskararen zurkaitza zen Sokarros. «Hark zitazun erraiten huts bat bazelarik, eta euskarazko hitzen esplikazioa emaiten zizun: izugarriko lana egiten zizun podast horretan, oso laket zizun». Astelehenean egin zuten azken alea, eta oraindik ez dute hedatu. «Haren omenez urrenduko dizugu. Baina hura gabe ez dit pentsatzen aitzina eramanen dugunik, arima galtzearekin, nik uste, podcast hori galdu dizugu».
Liburu bat baino gehiago argitaratu dute Sü Azia elkartearekin, eta aldi oro, Sokarrosek egiten zituen zuzentzaile lanak. Horien artean, Zuberera-Euskara batua hiztegi txikia, Zuberoan Euskal Telebista hedatzen hasi zirelarik prestatu zutena. «Gure best-seller-a duzu hori», ihardoki du Bedaxagarrek. Hizkuntzaren hedapenaz gain, Zuberoako paisaien ezagutza ere bultzatzen zuela oroitarazi du. «Zuberoako bazterrak hartzen zizkizun argazkitan; bereziki bortukoak. Bortukariak elkarteko buruetarik bat zuzun, eta nahi zizun berriz abiarazi, sustut galtzen ari diren Zuberoako xendren arra-ezagutarazteko. Horretan abiaturik zituzun, baina lehen joan duzu».
Sareetan omendua
Sare sozialetan aktiboa izan ohi zen Sokarros, eta sare sozialetan omendu dute anitzek, bere heriotzaren berri jakin bezain laster. «Euskaldunon Egunkaria-n ezagutu nuen, eta sare hauetan berriz ere elkartu, hagitz aktiboa baitzen. Lurrak gozo har zaitzala», idatzi du Jon Abril Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak. «Zuberoarako zubirik zuzenena zen», Juan Luis Zabala kazetariaren hitzetan, Idurre Eskisabel kazetariarentzat «Allandek irakatsi zigun Zuberoa mitoen arkadiatik ateratzen, irakatsi zigun euskal herri egiten».
Zuberoan eta Euskal Herriko ekialdean gure erreferente nagusia izan zinen urte askotan. Galera handia utziko diguzu, Allande. Eskerrik asko emandako guztiarengatik! https://t.co/fK7zziCi3C
— Iñaki Petxarroman (@petxarroman) December 10, 2021