Osasun sistemako ospitaleetan atzemandako beste bi agerraldiren berri eman du Osakidetzak. Bizkaian atzemandakoak dira biak, Basurtuko erietxean eta Barakaldo-Sestaoko ESI erakunde sanitario integratuan. Basurtuko erietxeko Revilla eraikinean bost kasu positibo diagnostikatu dituzte, pazienteen artean. Barakaldo-Sestaoko erakunde sanitario integratuan, berriz, hogei kasu atzeman dituzte Barakaldoko San Eloy erietxeko oftalmologia zerbitzuko langileei baheketa bat egin ostean.
Agerraldiak hesitze aldera, hainbat neurri hartu dituzte osasun sistemako arduradunek. Basurtuko erietxean, horra: Revilla 3 lantegian ez dute beste inor hartuko oraingoz; abenduaren 9an ospitaleratutako paziente guztien baheketa egingo dute erietxe osoan; Revillako profesionalen artean baheketa egingo dute; eta bisitak debekatu eta gaixoen ondoan egoteko aukerak «murriztu» egingo dituzte Revilla 3 gunean.
Bigarren agerraldiari dagokionez, «kasuen eta kontaktuen jarraipena» egiten ari direla esan dute osasun sistemako arduradunek, eta beste proba bat egingo dietela. Izango da ondoriorik erakunde sanitarioko funtzionamenduan. «Zirkunstantziak kontuan hartuta, oftalmologiako Barakaldoko eta Sestaoko kontsulta anbulatorioen jarduera guztia eta oftalmologiari buruzko San Eloy ospitaleko kontsulten zati bat bertan behera utziko dira», jakinarazi dute. Programatutako jarduera kirurgikoa ere bertan behera utziko dute zerbitzu horretan: «premiazko edo atzeraezinezko jarduera kirurgikoa» besterik ez dute bermatuko.