1.890 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Nafarroako Gobernuak ez du baztertu «neurri komunitario gehiago ezartzea», izurriaren bilakaeraren arabera

Zitarik gabe txertatzeko gunea, Mutiloan (Nafarroa). IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko abenduaren 9a
10:17
Entzun

COVID-19ak eragindako 1.890 infekzio gehiago atzeman zituzten atzo Hego Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak emaniko datuen arabera. Positibo tasak ere ez du apaltzera jo: %15,9 da oraintxe, atzo 11.875 test egin ostean. Atzo jaieguna izateak, bestalde, distortsioa eragin dezake datuen bilakaeran, jaiegunetan proba gutxiago egiten baitira.

Hamalu eguneko intzidentzia tasa goranzko betean da Hegoaldeko lau herrialdeetan: 819,58 da Araban, 100.000 biztanleko; 490,88 Bizkaian; 1.250,56 Gipuzkoan eta 924,52 Nafarroan. Nafarroan, gainera, deigarria da 11 urtetik beherakoen intzidentzia. Kasu horietako gehienak asintomatikoak dira, baina hamalau eguneko intzidentzia metatua 2.000 ingurukoa da 100.000 biztanleko. Intzidentzia tasa hanpatua dago 40-49 urtekoen multzoan ere: 1.116,65.

Ospitaleen egoerari dagokionez, 31 pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVID-19ak jota Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.

Indurainek ez du baztertzen «neurri komunitarioak ezartzea»

Azken egunetako igoeraz galdetuta, Osasun kontseilari Santos Indurainek adierazi du gobernuak ez duela baztertzen «neurri komunitarioak» ezartzea, egoera onbideratze aldera. Haren esanetan, Lehen Arreta «gainezka» dago: «Alde batetik, paziente kronikoei eragiten dieten arnas aparatuko gaitzen goraldia dugu, urtaroari lotuta, eta horri gehitu behar zaio COVID-19a atzemateko, segitzeko, diagnostikatzeko eta txertatzeko lana».

Horrez gain, Indurainek esan du «oraindik egonkortzeko dauden adierazleek arrisku handiko egoera baten atarian» kokatzen dutela Nafarroa. Hori dela eta, kontseilariak azaldu du Osasun Departamentuak ez duela baztertzen «neurri komunitario sorta bat» ezartzea, izurriaren bilakaeraren arabera.

Indurainen esanetan, hala ere, gobernuaren egungo estrategiak hiru ardatz ditu: «Txertatzea bizkortzea; gaitzaren detekzio mailari eustea, arakatzea indartuz eta protokoloak berrituz; eta prebentzio neurriak areagotzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.