Asier Guridik baieztatu du errefuxiatu estatusa lortu duela

Venezuelan dagoen euskal iheslariak gose greba abiatu zuela jakinarazi zuen abenduaren 3an, eta Caracasko Espainiako kontsulatuaren aitzinean plantatu zen.

Asier Guridiren askatasuna eskatzek 2013an egindako elkarretaratze at. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2021eko abenduaren 8a
15:58
Entzun

Asier Guridi euskal iheslariak errefuxiatu estatusa lortu du Venezuelan. Hala jakinarazi du sare sozialetan zabaldutako mezu batean, eta Venzuelako Gobernuak helarazi dion dokumentua erakutsi du. Euskal iheslaria paperik gabe zegoen 2013an atxilotu zutenetik, eta behin baino gehiagotan eskatu du bere egoera erregularizatzeko. Abenduaren 3an, gose greba mugagabea abiatzen zuela jakinarazi zuen, eta Espainiako kontsulatuaren aitzinean plantatu zen, Caracasen.

1992ko abenduaren 15ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Guridi, eta torturak salatu zituen Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean. Espetxeratu egin zuten, eta bost urtean egon zen preso, Euskal Herritik urrun. 2001ean, ihes egin zuen, eta 2005etik Venezuelan bizi da. 2008an jaio zen haren semea. Hedabideetara bidalitako ohar batean kontatu zuen 2013an atxilotu egin zutela, eta ordutik nortasun agiririk gabe bizi zela Venezuelan. Azpimarratu du egoera horrek nortasun arazoak ekarri zizkiola bere semeari ere; Oñatin (Gipuzkoa) bizi da gaur egun, senideekin.

2018an, Guridi estraditatzeko eskatu zion Espainiak Venezuelari, baina hark ez zuen eskaera bete. AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Venezuelako Fiskaltzari eskatu zion Madrilek iheslariaren aurka duen «jazarpen politikoan» ez parte hartzeko eta «dagokion» asilo politikoa onartzeko.

«Urte hauetan bizi izan duguna infernua izan da; bizitzeko berez izan ditugun oztopoez gainera, gezurrez beteriko kontakizunekin kakaztu gaituzte, defentsarako aukerarik eman gabe...», deitoratu du Guridik sare sozialetan errefuxiatu estatusa lortu ondoren, eta Sorturi leporatu dio babesik eskaini ez izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.