Ospitaleratzeak ugaritu egingo direla ohartarazi du OMEk

Omikron aldaera 57 herrialdetan atzeman dute dagoeneko. Kutsatzeak egonkortu egin dira munduan, baina Afrikan nabarmen zabaldu dira.

Koronabirusak hildaoen omenezko kandelak piztu zituzten atzo Bernan, Suitzan. ANTHONY ANEX, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 8a
12:59
Entzun

Gaur-gaurkoz, eta OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, ez dago frogarik esateko omikron aldaera orain artekoak baino arriskutsuagoa denik, baina bai azkarrago zabaltzen dela, eta ondorioz ospitaleratze kopuruak handitzen dituela. Hegoafrikak haren berri eman zuenetik, 57 herrialdetan atzeman dituzte kasuak. Horiek hala, arreta eskatu du nazioarteko erakunde horrek, eta orain arteko neurriei eusteko aholkatu. «Larritasuna delta aldaeraren parekoa edo txikiagoa bada ere, jende gehiago kutsatuko da, eta, beraz, handitu egingo da ospitaleratze kopurua ere. Horrez gain, kutsatzeen gorakadak, epe ertainean, heriotzen gorakada ekarriko du», dio OMEk gaur plazaratu duen oharrean.

Munduan, egonkortu egin dira kutsatzeak azken astean. Orotara 4,1 milioi kasu atzeman dituzte azken zazpi egunetan, aurreko astean baino %2 gehiago. Kontinenteka, baina, alde nabarmenak daude batetik bestera. Afrikak jakinarazi du gorakadarik handiena; han %79 ugaritu dira kasuak azken astean. Europan ez dago askoz hobeto: bertan atzeman dituzte kutsatzeen bi heren, 2,6 milioi. Amerikan ere gorakada izan da, eta %21 ugaritu dira positibo eman dutenak. Aldiz, Asia mendebaldean eta erdialdean %10 gutxitu dira.

Alemania izan da azken asteetan datu okerrenak eman dituzten Europako herrialdeetako bat. Gaur jakinarazi dutenez, kutsatzeak apur bat moteldu dira herrialde hartan, baina heriotzek egin dute gora orain: 527, iazko otsailetik izandako gehien. Joan den astean, Berlinek iragarri zuen azkartu egingo zuela txertatzeko kanpaina, eta debekatu egin zien txertatu gabekoei taberna eta jatetxeetara sartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.