Internet

Euskarazko Wikipediak 20 urte bete ditu

Wikipedia lantzen duten munduko hizkuntzen artean 33. postuan dago euskara artikulu kopuruari dagokionez, estatu hizkuntza diren hainbat eleren aurretik.

Wikipediaren sakelerako aplikazioaren ikonoa. SASCHA STEINBACH / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko abenduaren 6a
13:49
Entzun

Gaurko egunez, 2001eko abenduaren 6an, Dr. Polilla ezizeneko erabiltzaile batek euskarazko lehenbiziko artikulua sortu zuen Wikipedian. Horrekin jaio zen euskarazko entziklopedia kooperatiboa.

Lurra artikulua idatzi zuen, planetaren inguruan, eta oraindik euskarazko Wikipedian artikuluak idazteko estiloa finkatu gabe zegoenez, bat baino gehiago harrituko du haren tonuak: Lurra (2001). «Eguzki handi batek, lau planeta erraldoik, bost txikiagok, berrogei satelite baino gehiagok, 100.000 satelite baino gehiagok, eta beharbada 100.000 milloi izar lokak eratzen dute Eguzki sistema, eta hala ere, batean baino ez dugu bizitza aurkituko: Lurrean».

Gaurko artikuluaren sarrera askoz estandarragoa da, noski. Lehen artikulu hura aterpetu zuen eu.wikipedia.com domeinua bi egun lehenago sortu zuten, eta, oraindik ere, entziklopedialarien komunitatean ez dakite nork sortu zuen.

Bigarren artikuluak ere zientzia kontuak zituen gaitzat, eta bost egun geroago argitaratu zuten: Astronomia.

Luze gabe, wikipedialarien arteko eztabaida sortu zen, terminologiaren inguruan, eta kooperazioaren aldeko mezua zabaldu zuten, Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunek izen berak erabiltzea lortzeko.

Sei urte geroago, 2006ko urtarrilaren 28an, euskarazko Wikipediak bazituen 5.000 artikulu, eta hortik aurrera etengabe hazten joan zen. Urte hartako azarorako, 15.000 artikulu zituen entziklopediak.

Euskarazko Wikipediak berak gaur plazaraturiko datuen arabera, 30.000. artikulua Sexu izan zen, 2008an;
40.000.a, Eden Project 2009an; errinozeroen inguruko sarrera izan zen 50.000.a, urte berean; eta 60.000. artikuluak, berriz, posta kodeak zer diren azaltzen du.

Geroztik, roboten laguntza eduki du Wikipediak, artikulu kopurua izugarri handitzeko: izan ere, Frantziako udalerrien datuak sistematizatuta daudela baliatzeko, horiek euskarara ekartzeko programa bat eratu zuten, lan nekeza makinek egin zezaten.

100.000. artikulua Euskararen debekua izan zen, eta talde lanean osatu zuten. Historian zehar euskarari ezarritako debekuak bildu zituzten, Erdi Arotik gaurdaino.

33. Wikipedia, euskarazkoa

Munduko hizkuntzen artean, aurrera samar dago euskara, Wikipediako artikulu kopuruari dagokionez. Gaur, 33. postuan dago, estatua daukaten malaysieraren atzetik, eta errumanieraren aurretik.

BERRIAk berak ere ekarpena egin dio entziklopediari. 2018an, 2012tik kazetan argitaratutako 2.500 infografia baino gehiago utzi zituen egunkariak Wikipediaren esku, eta geroztik sortu direnak gehitu dituzte.

Galder Gonzalez Euskarazko Wikipediaren ordezkariak orduan nabarmendu zuen BERRIAko infografiak balio handikoak izango zirela Wikipediako erabiltzaileentzat: «Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartzen duten infografiak, aktualitateko gaiekin eta euskaraz Wikipedian izatea oso garrantzitsua da. Ekarpen handia da».

Horrez gain, Ahotsak.eus-en ekarpena eduki du Wikipediak, Elhuyarrerena (Teknopolis saioko bideoak, esaterako) eta Euskal Herriko unibertsitateena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.