Memoria historikoa

36ko gerrako biktimak lurpetik ateratzeko lanak hasi dituzte Bilboko Begoñan

Gogora institutuaren arabera, 60 biktimaren gorpuzkiak daude lurperatuta hilerrian. Udalak parke publiko bihurtu nahi du eremua

Begoñako hilerrian hasitako lanak, Bilbon, gaur goizean. MIGUEL TOñA / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko abenduaren 4a
16:28
Entzun

Espainiako gerran eta ondorengo urteetan hildako 60 lagunen gorpuzkiak berreskuratzeko lanak hasi ditu Aranzadi elkarteak Bilboko Begoñako hilerrian. Gogora institutuak eginiko ikerketen arabera, gudulariak zein biktima zibilak daude han lurperatuta; besteak beste, «1937ko apirilaren 18an Cotorrueloko babeslekuan izandako bonbardaketan hildakoak».

Gogora institutuak garaiko erregistro eta eliz liburuetatik atera du informazioa, eta, ondorioztatu dutenez, biktimen gorpuzkiak hilerriko bi eremutan daude banatuta; Aranzadik horietako batean hasi ditu berreskuratze lanak. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek dei egin die euren senideak non eta noiz hil ziren ez dakiten herritarrei, Gogora institutuarekin harremanetan jar daitezela eskatzeko. Azaldu duenez, badira euren senideak hilerri hartan lurperatuta daudela ez dakiten familiak, eta halako proiektuek gizartea gaiarekiko «sentsibilizatzen» laguntzen dute.

Artolazabalek gehitu du Jaurlaritzak asmoa duela Espainiako Gerran desagertutako «ahalik eta pertsona gehien» berreskuratzeko: «Egia argitzen saiatuko gara, familia guztiek dolua behin betiko itxi ahal izan dezaten, eta Euskadiko demokraziaren alde borroka egin zutenen memoria berrezartzeko».

Bilboko Udalak espazio hura «parke publiko» bihurtzeko plan bat du, eta hark bultzatu ditu lanak. Hilerria itxita dago 2006tik —1813tik 2003ra bitarte lurperatu zen jendea han—, baina, Begoñako Argia proiektuarekin, udalak eta Aranzadik memoria historikoaren esparruan ikertzeko leku bilakatu nahi dute hura. «Zientzia eta ezagutza biltzen dituen proiektu baterako agertokirik egokiena da», azaldu du Juan Mari Aburto alkateak. Hark eskerrak eman dizkio Aranzadi elkarteari, «errespetuz betetako lan zehatzagatik», baita Eusko Jaurlaritzari ere, proiektuan parte hartzeagatik.

Memoria historikoa garatzeko espazio izateaz gain, XIX. mende amaierako eta XX.eko hasierako arkitektura aztertzeko ere balioko du. Izan ere, hilerria 1813tik 2003ra bitarte egon zen irekita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.