EUSKAL PRESOAK

EPPK-k eta Foro Sozialak ontzat eman dute kolektiboaren agiriak izandako harrera

Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramailea eta EPPK-ko mintzaide Jon Olarra eta Ainhoa Mujika Logroñoko espetxean bildu dira gaur goizean. «Presazko eta zentzuzkotzat» jo dute euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara ekartzea. Bi aldeek hitzartu dute euren «lan agendan» sartzea «ebatzi gabeko kasuen» gaia.

Agus Hernan, gaur goizean, Logroñoko espetxearen aitzinean. FORO SOZIALA
maddi ane txoperena iribarren
2021eko abenduaren 3a
14:42
Entzun

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eta Foro Sozial Iraunkorrak bilera egin dute gaur Logroñoko espetxean (Espainia). Foro Sozialak jakinarazi duenez, bertzeak bertze azaroaren 29an EPPK-k ongietorriei buruz kaleratutako oharra izan dute hizpide: bi aldeek «positibotzat» jo dituzte agiriak izan duen harrera eta erreakzioak: «Eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialek adierazpenaren balioa eta tamaina ulertu dute, Aieteren hamargarren urteurrenean sortutako agertokia sendotzeko testuinguruan», azaldu du Foro Sozialak bileraren ondotik plazaraturiko ohar batean.

Azaldu duenez, bai EPPK, bai Foro Soziala 2019tik ari dira lantzen ongietorrien gaia, eta, foroaren arabera, presoen kolektiboak «eskertu» egin ditu Foro Sozial Iraunkorrak egindako «errazte lanak», «beharrezko adostasunak» eraikitzeagatik «funtsezko» bi gairen inguruan: «Biktimekiko enpatia eta familien eta gertuko pertsonen aldetik harrera jasotzeko eskubidea». Foroak EPPK-ri adierazi dio adierazpen «garrantzitsua» izan dela, eta «ekarpena» egiten diola «bizikidetza demokratikoari»: «Erabaki honen bidez, EPPK-k bat egiten du Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoarekin, zeinak indarkerien zikloaren ondorioak konpontzeko urratsak egin nahi dituen».

Foro Sozialeko Agus Hernan eta EPPK-ko mintzaide Ainhoa Mujika eta Jon Olarra izan dira bileran, eta, foroak azaldu duenez, «presoen arazoari konponbide integrala» ematea ere izan dute hizpide —horren barnean kokatu dute EPPK-ren agiria ere—. Bi eragileen ustez, hiru «eztabaida» daude irekita uneotan presoei buruz: Espainiako Estatuan dauden preso guztiak Euskal Herriko kartzeletara eramatea, araudi arrunta aplikatzea —tartean bigarren eta hirugarren graduak eta baldintzapeko askatasunak leudeke— eta «birgizarteratze plan orokor bat» zehaztea. Foroaren arabera, plan horrek «erakunde publikoak» izan behar ditu «buru», eta «inplikatutako eragileekin» adostua izan behar du, baita presoekin eurekin ere: «Presoei lagundu behar die euren birgizarteratzeko banakako ibilbidean, bai baldintzapeko askatasuna lortzeko bidean, bai ondoren birgizarteratzeko eta laneratzeko bidean». Horretarako «bermeak» galdegin dituzte. Presoak Euskal Herriko kartzeletara ekartzea «presazkoa eta zentzuzkoa» da, Foro Sozialaren eta EPPKren ustez: «Preso guztiek kartzela horietan zigorra bete dezaten behin betiko agertokirantz irmoki aurrera egin behar da».

«Ebatzi gabeko kasuak»

Bi aldeek hitzartu dute, bertzalde, euren «lan agendan» sartzea «ebatzi gabeko kasuen» gaia: horien barnean sartu dituzte hala «erakunde armatuek» egindakoak nola Espainiako Estatuak eragindakoak. EPPK-k, ordea, «kezka» agertu du «pertsona batzuei eragiten dieten sumario berriak irekitzeko dagoen bultzada judizialagatik». Hala azaldu du foroak: «EPPKren aburuz, [ebatzi gabeko kasuen] errealitate hori guztia gatazken konponbidearen ikuspegitik aztertu beharko litzateke, nazioarteko estandarrek definitzen duten bezala, Justizia Trantsizionalaren doktrina baten barruan, eta, hala badagokio, Egiaren Batzorde bat sortuz, lortu ahal izateko, hain zuzen ere, egia, aitortza, erreparazioa, eta geratutakoa berriro ez errepikatzea». Presoen kolektiboak uste du helburuak ez duela «inola ere» izan behar «mendekuaren eta sufrimenduaren noriatik irtetea eragozten duten eta, azken batean, indarkeriaren zikloaren ondorioen konponbidearen behin betiko amaieratik urruntzen» duten «salaketak, auzipetzeak eta zigorrak ezartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.