Joan den azaroan finitu zen 13/13 auziko epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta auzipetuak sententziaren zain daude ordutik. «Kezka» azaldu dute zer-nolako epaia etorriko ote den: alde batetik, ekar liezazkiekeen ondorio pertsonalengatik; eta, bertzetik, eta, «batez ere», zigor epai batek «iraganeko parametroetara» eramanen dituen beldur direlako: «Dena ETA da hartara, epailetza ikuspegi errepresibo batetik erabiltzeko joera hartara... Azken batean, euskal gizarteak gainditutzat zituen parametroetara». Hori hala izan ez dadin eta «atzerapausorik» gerta ez dadin, «guztien konpromisoa» galdegin dute, hala euskal herritarrena nola alderdi, sindikatu eta bertzelako eragileena ere. Jakinarazi dutenez, harremanetan jarri dira hainbat alderdi eta sindikaturekin, baita Eusko Legebiltzarreko giza eskubideen batzordearekin ere.
Arantza Zulueta auzipetuak eta Aiert Larrarte abokatuak hartu dute hitza Bilbon egindako agerraldian, eta, Larrartek nabarmendu duenez, aitzinetik salatu zituzten irregulartasunak «berretsi» egin dira epaiketan: bertzeak bertze, auzipetuei ez zaizkie errespetatu defentsarako eskubidea eta berme guztiak dituen auzi bat izatekoa. Zuluetak Jose Perals fiskalak auzi saio batean egindako hitzak salatu ditu, bereziki: «Zur eta lur gelditu ginen esan zuenean ETA ez dela desagertu». 13/13 auziko auzipetuaren ustez hitz horien atzean «iraganeko neurriak justifikatzeko saiakera bat besterik» ez dago: «Berriz ere iraganeko parametroetan erosoago dauden sektoreen jarrera arduragabe eta ulertezina».
Auzipetuen izenean Zuluetak gogoratu du haien atxiloketak Aieteko konferentziaren «atarian» gertatu zirela, eta nabarmendu du konferentzia haren helburuak «gatazkaren ondorioak desagerrarazteari ekitea» eta «gatazkaren konponbidea ukazio eta konfrontazio parametroetatik ateratzea» zirela, «irtenbide demokratiko eta politikoaren esparruan kokatzeko». Nabarmendu du «herritar askok» egin zutela bat helburu horiekin, eta ETAk indarkeria armatua uzteko adierazpena egin zuela hurrena. «Guk geuk ere gure ekarpenak norabide horretan egiten saiatu ginen, EPPK eztabaida eta gogoeta horretan murgildu zedin». Auzipetuek uste dute fruituak eman zituela: «11 urte geroago, inongo zalantzarik gabe, gure ekarpena lagungarria izan zela esan dezakegu».
Gaur egun ere horretan segitzeko prestutasuna erakutsi dute: «Berriro ere adierazten dugu beti egon garela salbuespeneko legediaren aurka». Bide horretan, uste dute «oso larria» litzatekeela 13/13 auziak «espetxe zigorrak» ekartzea: «Bake eta bizikidetzan oinarritutako etorkizuna guztion artean eraikitzeko gure konpromisoa berresten dugu, iraganeko jarrera eta jokabideak baztertuz».