Birusa zeharo oldartuta dabil Hego Euskal Herrian. Positibo kopuruari dagokionez, azken lau hilabeteetako daturik txarrenaren berri eman dute gaur: egun bakarrean 1.925 lagunek eman dute positibo. Uztailaren 29ra egin behar da atzera datu okerrago bat ikusteko. Astelehenetik —orduan eguneratu zituen azken aldiz datuak Eusko Jaurlaritzak— 5.233 kasu atzeman dituzte, joan den asteko epe berean baino %49 kasu gehiago. Positiboen ehunekoak erakusten du birusaren hedapena kontrolatu ezinik ari direla: atzo COVID-19a atzemateko egindako 15.551 probetatik %12,4k eman dute positibo; hau da, OME Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia kontrolpean edukitzeko ezarritako %5eko mugaren nabarmen gainetik.
Gipuzkoako egoera da bereziki gordina: beste 715 lagunek eman dute positibo —bezperan baino lauk gutxiagok—, eta azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 971 kasukoa da. Gainerako lurraldeetako intzidentzia ere etengabe igotzen ari da: Nafarroan, beste 564 positibo atzeman dituzte —daturik okerrena uztailaren 16tik—, eta 658 kasukoa da intzidentzia; jakinarazi dute Araban 185 pertsonak eman dutela positibo —atzo baino 39k gutxiagok—, eta 517 kasukoa da intzidentzia; azkenik, beste 453 herritarrek eman dute positibo Bizkaian —daturik txarrena abuztuaren 13tik—, eta 343 kasuko intzidentzia dute. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak ez diren zortzi lagunek ere positibo eman dutela.
Positiboak areagotzearen ondorioz, Hego Euskal Herriko ospitaleetan gero eta gaixo gehiago ari dira artatzen. Azken datuen arabera, 349 pertsona daude ospitaleratuta. Atzokoak baino datu hobeak izan arren —22 gaixo gutxiago daude ospitaleratuta—, oro har, joera goranzkoa da: duela bi aste baino %92 gaixo gehiago daude ospitaleratuta, eta duela astebete baino %20 gehiago. COVID-19ak jota ZIUetan ere gero eta jende gehiago dago: orotara, 69 gaixo daude; hau da, duela bi aste baino %86 gehiago, eta orain dela astebete baino %44 gehiago.
Eragina ikastetxeetan
Haientzako oraindik txertorik ez dagoela eta, intzidentzia bereziki handia da umeen artean. Eusko Jaurlaritzak gaur emandako datuen arabera, 6-12 urte bitarteko umeen artean 1.686 kasukoa da intzidentzia, eta 780koa 3 eta 5 urte bitartekoetan. Intzidentzia orokorra, aldiz,577 kasukoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, joan den asteko datuen arabera, 5 eta 14 urte bitartekoen intzidentzia 786 kasukoa da; intzidentzia orokorra, aldiz, 336koa.
Horrek zuzenean eragiten die ikastetxeei. Egun, Hego Euskal Herriko 310 ikasgela daude itxita —atzo baino 24 gehiago—, eta 143 ikastetxek dute gelaren bat itxita —atzo baino bostek gutxiagok—.