EAE-ko aurrekontuak

Eusko Jaurlaritza eta EH Bildu akordio batera iritsi dira aurrekontuen inguruan

Pedro Azpiazuk eta Maddalen Iriartek sinatu dute. 253 milioi euroren neurriak adostu dituzte osasuna, klima larrialdia, ongizate energetikoa, politika soziala, I+G+B eta gazteria alorretan, eta, ondorioz, koalizioa abstenitu egingo da aurrekontuen bozketan.

Azpiazu eta Iriarte, 2019ko argazki batean. JUANAN RUIZ, FOKU
jon ordonez garmendia
2021eko abenduaren 1a
15:31
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk akordio bat sinatu dute EAEko aurrekontuen inguruan, eta, horren ondorioz, koalizioa abstenitu egingo da abenduaren 23an horiek onartzeko egingo den bozketan. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak sinatu dute akordioa.

Akordioan jaso dutenaren arabera, batzorde bat eratuko dute, akordioan adostutakoa betetzen dela aztertzeko. Alde bakoitzeko hiru pertsonak osatuko dute, eta lau hilabetean behin bilduko da, hartutako konpromisoak ezartzeko prozesua jarraitzeko eta horiek betetzen diren aztertzeko.

Azpiazuk berak eta EH Bilduk sare sozialetan jakinarazi dutenez, 253 milioi euroren neurriak adostu dituzte honako alor hauetarako: osasuna, klima larrialdia, ongizate energetikoa, politika soziala, I+G+B eta gazteria. Horrez gain, EH Bilduk proposatutako sei neurri politikoetatik hiru adostu dituzte.

Hauek dira EH Bildurekin egindako akordioaren ondorioz Eusko Jaurlaritzak hartu dituen konpromiso politikoak:

1. Akordioan jasotakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du elkarrizketa sozialeko esparru guztietan eta hitzarmen kolektiboetan gutxieneko soldata bat defendatzeko eta sustatzeko, «Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko errentarekiko proportzionala izango dena».

2. Etxebizitzaren alorrean, alokairu pribatuaren prezioak kontrolatzeko sistema bat abian jartzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak, etorkizunean Espainiako araudiak horretarako bidea ematen duenean. Gainera, Zerga Koordinaziorako Organoan etxebizitzaren alokairuaren prezioei eusteko balizko zerga neurriei buruzko txosten bat egitea proposatuko du.

3. 2022ko aurrekontuetan Eusko Jaurlaritzak %10 handituko du ikerketa, garapen eta berrikuntzarako dirua (70 milioi euro gehiago), eta urte horretatik aurrera %12 handituko du legegintzaldia bukatu bitartean, «lehenbailehen iritsi dadin gomendatutako BPGaren %3ra».

Klima larrialdiari aurre egiteko, 120 milioi

Neurri ekonomikoen artean, larrialdi klimatikoari aurre egitekoak nabarmentzen dira. 120 milioi euroren neurriak adostu dituzte akordioan. Osasunaren arloan, 30 milioi gehiago izango dira, eta gizarte politikan, hogei milioi gehiago. Ongizate energetikoaren alorrari dagozkio adostutako diruaren lau milioi euro, eta gazteen emantzipazioarenari, bi.

EH Bilduk iragan ostiralean erabaki zuen ez aurkeztea osoko zuzenketarik Jaurlaritzaren aurrekontuei, «elkarrizketarako borondate zintzoa» erakusteko. Eskertuta erantzun du Iñigo Urkullu lehendakariak: «Bide berri bat irekitzen da». EAJk eta PSE-EEk bestela ere ziurtatuta zituzten aurrekontuak, gehiengoa baitute Eusko Legebiltzarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.