Hizkuntza eskubideak jomugan

Manifestazioa eginen du Seaskak abenduaren 10ean, Bordelen

Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatuko dute Bordeleko Giza Eskubideen plazan. «Espero dugu aurten zinezko lorpenak izatea, eta badakigu hori mobilizazioen bidez egiten dela», adierazi du Peio Jorajuriak Euskal Irratietan

Azterketak euskaraz egiteare aldeko manifestazioa, uztailean, Donapaleun. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko azaroaren 30a
12:59
Entzun

Euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko beste mobilizazio bat antolatu du Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak. Abenduaren 10ean izanen da, Bordelen (Okzitania), Giza Eskubideen plazan. Azterketak Euskaraz kolektiboarekin antolatu dute protesta, ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasleek azterketak euskaraz egiteko eskubidea izan dezatela aldarrikatzeko.

«Azterketen gaia biziki garrantzitsua da», adierazi du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak Euskal Irratietan, eta azken urteetan izan diren gibelapenak salatu ditu. Izan ere, 2017ra arte brebeta osoki euskaraz pasatzeko eskubidea zuten kolegioko ikasleek, baina, geroztik, zientziak frantsesez pasatzera behartuak dira. Hala, desobedientzia ekintza bat egin dute aurten, ikuskaritzaren ezezkoa jasorik ere azterketak euskaraz itzulita. Egoera salatzeko, Amikuzeko kolegioa okupatu zuten guraso, irakasle eta ikasleek bi egunez, eta manifestazio jendetsua egin zuten.

Baxoan ere lorpenak izan dituzte azken urteetan, Jorajuriaren hitzetan, hala nola Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin 2019an hitzarmena berritu zutenean, Baxoko ahozko handiaren zati bat euskaraz egitea adostu baitzuten; baina, ordutik, ez da neurria bete. «Gibelapen horiek ezin dira pasatzera utzi. Espero dugu aurten zinezko lorpenak izatea, eta badakigu hori mobilizazioen bidez egiten dela», adierazi du Jorajuriak Euskal Irratietako elkarrizketan-

Zirkularra

Frantziako Gobernuaren jarrera hizkuntza gutxituei buruz «biziki ezkorra» dela berretsi du Jorajuriak, besteak beste Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren jarrera deitoratuta. «Gailurra ukitu zuen iaz Konstituzio Kontseiluaren erabakiarekin». Hala ere, gibel egin behar izan zutela erran du, eta euskarazko murgiltze irakaskuntza baimentzeko zirkular bat prestatzen ari direla oroitarazi du. «Baina azterketak ez dituzte sartzen zirkularrean; horretarako ez dira prest», deitoratu du Jorajuriak. «Badira oraindik posizio batzuk frantsesaren nagusitasuna atxiki behar dela diotenak».

Horregatik, mobilizazioaren bidez presio egiten saiatu nahiko luke Seaskak, eta ikasleak, gurasoak, irakasleak eta euskaltzaleak oro har protestan parte hartzera deitu ditu Jorajuriak. «Ikasleak biziki inplikatuak dira borroka horretan, bai kolegioan eta bai lizeoan. Deitzen ditugu ere libre diren guziak, mobilizatzeko, ahalaz gauzak mugitzeko esperantzaz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.