Euskal Preso Politikoen Kolektiboak aurrerantzean «hurkoen artean eta era pribatu eta diskretuan» jaso nahi ditu presoei espetxetik irtetean egin izan zaizkien harrera ekitaldiak, «azken hilabeteetan hasia den bidetik jarraituz». Agiri batean, presoen kolektiboak aitortu du badirela harrera ekitaldi horiengatik «samina sentitu dutela zintzoki azaldu duten pertsonak», eta erantsi min hori «ulertzen» dutela: «Gure iraganeko militantzian egindako ekintzen ondorioz kaltetutako pertsonak dira eta minduta sentitu daitezkeela ulertzen dugu».
Hori horrela, EPPK-k azaldu du bere «gogoa» dela «sufrimendu oro arintzea eta aukera berriak zabaltzea, zauriak sendabidean jartzea eta euskal herritarren artean elkarbizitza sendotzea».
Norabide horretan, eta presoen artean «kontsulta» egin ondoren, EPPK-k «egoki» jo du aske geratzearen «poza espetxe atarian zain» dituztenekin elkartzean edota «era diskretuan» hartzen dituztenekin partekatzea. «Aurrerantzean, harrerak soilik hurkoen giroko esparru pribatuan jaso nahi ditugu». Erabaki hori euskal presoek «bizikidetzari, bakeari» eta eurena eta euren senideena «ez ezik besteen sufrimendua ere aitortzeari» egiten dioten «ekarpen indibidual eta kolektiboa» da, kolektiboaren hitzetan.
Era berean, EPPK-k kritikatu du «hainbat eragile eta alderdik bizikidetzaren ordez konfrontazioa» bilatzen dutela «arduragebeki», eta, horren aurrean, kolektiboak ez duela «inondik inora polemika antzurik elikatu» nahi: «Arduratsu izateko eta modu eraikitzailean jokatzeko borondatea dugu. Ez dugu amore emango hartutako bidean jarraitzeko orduan».
EPPK-ren agiria bihar egongo da irakurgai osorik, BERRIAn.