Eusko Jaurlaritzak bidea zabaldu du Arabako Mahastiak sor-marka egitasmoa Europako Batasunera iristeko, eta hango erakundeek ofizialtzeko jatorri izen berria, eta, orain, Errioxako izendapenak Jaurlaritzaren erabaki horren aurka jo du, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian salaketa bat jarrita. Azaroaren 24an igorri zuen helegitea auzitegira Errioxako sor-markaren kontseiluak, nola edo hala, Arabako Mahastiak izendapen berriaren prozesua galarazi nahi duelako.
Bistan da: Arabako Errioxako upategi txikiek beren ardoak bereizteko sustatu duten proiektuak eragozpen anitz gainditu beharko ditu aurrera ateratzeko; besteak beste, Espainiako Gobernuak EBera igorritako aurkako txosten bat. Sor-marka berria gauzatu ala ez, Batasuneko erakundeen esku baitago.
EAJk lege aldaketa bat sustatu du Arabako Errioxako izendapen propioa eratzeko, baina, hura Espainiko Kongresuak aintzat hartu ala ez bozkatu aurretik, erretiratu egin du Andoni Ortuzarren alderdiak, ikusita erreakzio bortitza eragin duela Errioxan, eta kontuan hartuta ez zuela babes nahikorik izango ganberan, PSOEren ezezkoaren ondoren. Aitor Esteban diputatuak azaldu du lege egitasmoa erretiratu egin duela eta diskrezioz negoziatzen jarraituko duela PSOErekin.
Gauzak horrela, ezinezkoa ematen du, oraingoz, Arabako Errioxak bere ardoak bereizteko jatorri izen berriak sortzea, ez Errioxako sor-markaren barruan, ezta kanpoan ere. Errioxako upategi handiek, Rioja Taldea buru dela, ez dute nahi Arabako Errioxak beste izen batekin ekoitzi eta saldu ahal izatea ardoa, eta Logroñotik gauzatzen duten monopolioaren mende jardun beharko dute aurrerantzean ere, Bastida, Guardia, Samaniego, Lapuebla de Labarca, Villabuena eta eskualdeko gainontzeko herrietako upategiek.
Arabako upategi txiki eta ertain gehienak beste bide batetik doaz aspaldian, ordea, kalitatea kantitatearen gainetik jarrita, merkatuan oso apalak diren prezioak igoarazteko. Logroñon hartzen dituzten erabakiak, ordea, eragozpenak baizik ez dira ardo gorenak egin nahi dituztenentzat.