Aspaldiko eskolarteko txapelketa haietan gaztetxo zela kantuan ezagutu genuenetik urte batzuk igaro dira, eta orduko Saioa Alkaiza bertsolaria ez da, nabarmena den moduan, egungo bera. Ausart kantatzen zuen orduan, lotsagabe, eta gaur egun ere ausardia hura bere horretan mantentzen du, baina ezaugarri horri beste osagai asko gehitu dizkio bere bertsokera aberatsago bilakatzeko urteetako inurri lanean. Oso argi dauka Alkaizak zer eta nola kantatu nahi duen, eta erakustaldi aparta eskaini zuen hasieratik bukaerara. Bertso bakoitza pasioz kantatuz, ahapaldi bakar bat ere alperrik galdu nahi ez duenaren gogoarekin, elementuak ekarriz, irudiak sortuz, erreferentzia gaurkotuak txertatuz… Lehenengo faseko bakarkako lan ikaragarriaren ostean, zeinetan gasolindegi bateko gaueko txandako langilearen azaletik kantatzea egokitu zitzaion, esango nuke guztiok ziurtzat jotzen genuela buruz burukoan kantatuko zuela. Igandeko finalari ez ezik, Nafarroako bertsogintzari freskotasun ikaragarria ekarri dio. Une benetan hunkigarria izan zen Alkaizak txapela Estitxu Arozenaren eskutik jaso zueneko unea: finaleko argazkia.
Saioan zehar jasotako sentsazioei kasu eginez gero (zeina epaileen lan egiteko modu formalarekin sarritan zerikusi handirik ez daukan sasiepaitzeko modu bat den, garbi esanda), buruz burukoan kantatzeko bigarren txartela norentzat izango zen ez zegoen batere garbi zaleon artean. Lazkozek gauza oso politak egin zituen, Sotok ere bai, Joanes Illarregik saio oso erregularra ondu zuen, Silveira gorabeheratsu baina bakarkako lanean ikaragarri (zeinen sinesgarri eta hunkigarri, bertsolari beteranoa)… Azkenean Eneko Lazkozek kantatu zuen Alkaizarekin batera azken txanpan, eta gutxigatik ez zuen sari nagusia patrikaratu, gora egin baitzuen buruz burukoan sakanarrak lehenengo fasean lorturiko emaitza paregabeak hauspotuta. Gordetzekoak bere bakarkakoak eta 10eko txikiko ariketan Xabat Illarregirekin osaturiko ofizioa.
Buruz burukoan kantatzetik hurbil geratu zen Julio Soto. Gorritiko txapeldunak irristada txikiren bat izan zuen puntu erantzunetan, baina ale ikaragarriak utzi zituen, edozein kasutan, bidean, bakarkakoetan entzulearekin erabateko konexioa erdietsiz. Joanes Illarregik patxada eta heldutasun harrigarriak erakutsi zituen bere bigarren finalean, eta ez da zaila etorkizun ez oso urrunean Nafarroako txapela jantzi dezakeela irudikatzea. Xabier Silveirak urteak pasatu arren oraindik ere barruan gordetzen duen bertsolari puskaren trazak erakutsi zituen zenbait ariketatan, baina beste batzuetan halako final batean norbere mailarik onena emateko beharrezkoak diren grina eta gosea falta izan zituen. Xabat Illarregi, Josu Sanjurjo eta Eneko Fernandez atzeraxeago geratu ziren puntutan; leitzarrak gogoratzeko aleak utzi zituen saioaren joanean, zenbait bertsoaldi borobiltzea falta izan zitzaion arren. Sanjurjok konplexurik gabe kantatu zuen bere lehenengo finalean, ahots propioz, eta Fernandezek, urtetako esperientziak ematen duen pausarekin, lan oso txukuna burutu zuen. Kanpoko giro traketsari, erantzun beroa bertsotan!