Arrantza

Iaz baino antxoa gutxiago aurkitu du Aztik Bizkaiko Golkoan

Juvena azterketaren arabera, 208.000 tona antxoa gazte daude, eta aurreko urteetakoak baino txikiagoak dira.

Antxoak Getariako portuan deskargatu berritan. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 29a
12:56
Entzun

2020. urteko uda amaieran 230.000 tona antxoa gazte zeudela ondorioztatu zuen Aztik, eta aurten 208.000 tona izan dira, %14 gutxiago.

Serie historikoaren azpitik dagoen datua izan arren, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuordeak ontzat hartu du kopurua: «Antxoa gazteek gure kostaldean duten osasun ona berresten duten datuak dira, Euskadiko arrantzaleei antxoaren arrantzarekin modu iraunkorrean jarraitzeko aukera ematen baitie».

Azti 2003. urtean hasi zen Juvena kanpaina egiten, eta bide ematen du hurrengo urteko antxoaren arrantza kudeaketaren mugak ezartzeko ondorioak ateratzeko, Bizkaiko golkoan bizi den antxoa gaztearen biomasaren neurketan oinarrituta.

Azterketa abuztutik irailera bitartean egin dute, Emma Bardan eta Angeles Alvariño ontzi ozeanografikoetan. Ikerketak 37.500 itsas milia karratu hartu ditu guztira.

«Aurten jubenilek golkoko eremu handi bat estali zuten, Frantziako plataformaren iparralderaino iritsiz. Beharbada, planktonaren gainazaleko geruza baten presentziak eragin du banaketa espaziala. Euskal arrantzaleek zikina esaten diote horri, eta aurten salpa txikiek osatzen dutela identifikatu ahal izan dugu. Aurten zikinak Bizkaiko golko osoan zuen hedadura handia dela eta, antxoaren banaketari eragingo ziola uste dugu, izan ere, badirudi zikinaren eremuak modu aktiboan saihesten dituztela», azaldu du Aztik.

Antxoa gazte gutxiago ez ezik, txikiagoa ere aurkitu du Aztik: 2004an 10,6 cm zen; 2010ean, 8,3 cm, eta 2021ean, berriz, 5,3 cm-koa da batezbestekoa, eta iaz, 6,1ekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.