Ez da izango ohiko kontzertu bat, historiatik asko edukiko baitu ekitaldiak. Baina gaur egungo hainbat musikariren printzak izango dira, duela 60 urte sortutako organo baten melodiak lagunduta, azaroaren 30ean, asteartean, 20:00etan, Eibarko Koliseo antzokian. “Eibarko industriari omenaldia egingo diogu”, adierazi du Aitor Alberdi Eibarko Proiektors sormen taldeko kideak eta astearteko ekitaldiaren sortzaileetako batek —Jesus Maria Agirre ere buru-belarri aritu da antolaketa lanetan—.
Mikel Erentxun; Olatz Salvador; Elkano Browning Cream —Mikel Azpiroz buru dela—; Julian Maeso; MZM (Maite Arroitajauregi, Zaloa Urain eta Miren Narbaiza); Eibarko Kezka dantza taldea —Juan Luis Agirre organoan dela—, eta Quico Puges eta Iraide Ansorena elkartuko dira Koliseoko oholtzan. “Ekitaldiak ordu eta erdi inguru iraungo du, eta 12-15 minutuko saio bana egingo dute musika taldeek”. Alberdiren hitzetan, ezaugarri batek bateratuko ditu artista guztiak: Helmholtz (CV Church) organoak. “Hori da baldintza bakarra, artista guztien proposamena organoaren ingurukoa izatea, organoak garaien eta musikarien arteko zubi lanak egitea”.
Asteartean, San Andres eguna dute Eibarren, baina, koronabirusaren pandemiak eraginda, festak bertan behera utzi ditu udalak. “Azken orduko aldaketarik ezean, ordea, gure ekitaldiak aurrera egingo du bere horretan”, esan du Alberdik. Sarrerak salgai daude jada, 10 euroan —7 euro ordaindu beharko dituzte Koliseoaren Laguna txartela daukaten herritarrek—. Koliseo antzokian bertan eros daitezke sarrerak, egunero, 17:30etik aurrera, eta baita Tickets.kutxabank.es webgunean ere.
Chicagoko (AEB) Hammond organoan dauka oinarria Eibarren sortutako Helmholtz organoak. Alberdik zehaztu duenez, 1930 inguruan “erlojuak-eta egiten” hasi zen Laurens Hammond ingeniari estatubatuarra. “Sormen lan horretan, organo batzuk ere egin zituen azkenerako. Bereziak ziren, eta arrakasta handia eduki zuten AEBetan. Diziplina askotan, berehala soinu mitikotzat hartu zuten organo hura, Hammond soinua”. 1947an, Chicagotik 6.650 kilometrora, ikasketak amaitu, elkartu eta hozkailuak elektrizitatearekin nahasten hasi ziren Jose Luis Elorza eta Jose eta Jesus Ibazeta anaiak. Eibartarrak. “Irratiak konpontzen hasi ziren gero, eta organo txiki batzuk egiten ondoren, oso xumeak baziren ere”.
Ordurako Hammond markako organo bat bazegoen Ermuko (Bizkaia) parrokian, eta hura baliatu zuten Eibarko Astelena pilotalekuan ostegun batean egin zuten dantzaldi batean. “Hiru lagun horiek berehala ikusi zuten izugarrizko kalitatea zeukala organo hark, eta horrelako zerbait egin beharra zeukatela erabaki zuten, euren organo txikiekin irauteko jai zeukatela ikusita”. Ermuko abadearekin elkartu, eta galdetu zioten organoa euren tailerrera eraman ote zezaketen. “Trukean, Ermuan euren organo bat jarriko zutela hitzeman zioten, iganderoko elizkizunak egiteko modua izateko”.
750-800 pieza desberdin
Baimena lortuta, Ibazeta anaiek eta Elorzak piezaz pieza askatu zuten Ermuko organoa, euren tailer txikian, 1961ean. “13.700 pieza atera zituzten guztira; horietatik 750-800, desberdinak. Ez ziren pieza arruntak, eta inguruan ez zegoen halakorik, baina pixkanaka-pixkanaka hasi ziren inguruko enpresak ere saltsa horretan sartzen”. Pausoka-pausoka, “eta inguruko enpresa horien laguntzarekin”, Hammond organoaren nolabaiteko “erreplika perfektu bat” egin zuten hiru eibartarrek.
Garai hartan, Hammond Companyk bazeukan jada lantegi bat AEBetan, 8.000 langilekoa, organoak-eta egiteko. “Izan ere, ordurako Hammondek mundu guztian saltzen zituen organoak, milaka eta milaka”, zehaztu du Alberdik. “Eta, egoera horretan, Europan enpresa asko zebiltzan Hammond organo horren kopiak egin nahian; Italian, Alemanian… Baina inork ez zuen lortzen oso kopia onik”.
Eibarren horrelako organo bat eginda, Ibazeta anaiek eta Elorzak eskutitz bat bidali zuten Chicagora, erreplika bat lortu zutela esanez. “Hor gelditu zen kontua, baina, bi aste geroago, pertsona bat agertu zen Eibarren, aurretik abisatu ere egin gabe. Charles Wilson zen, Hammondeko organista ofiziala. Mundu guztian barrena ibiltzen zen organoak probatzen eta konpontzen, eta sinistu ezinik gelditu zen Eibarren ikusi zuenarekin”.
Pare bat hilabete geroago beste dei bat jaso zuten Eibarren, Hammonden burua bertara joango zela esanez. “1960ko hamarkadaz ari gara, pentsa. Egun batzuk geroago, hura ere Eibarrera etorri zen”, esan du Alberdik. “Enpresako diseinuen burua ere bai atzetik… Lau bisita garrantzitsu izan zituzten guztira, eta guztiek ziurtatu zuten eibartarrak gai izan zirela baldintza eskas samarretan, auzolanean, Hammonden oso antzeko organoa egiteko. Txeketegia atera, 250.000 pezeta ordaindu [1.500 euro], eta Chicagora eraman zuten Eibarren egindako Helmholtz organo hura”.
Alberdik azaldu du “bizpahiru urte gehiago” aritu zirela hirurak organoak egiten. “50 bat organo egin zituzten guztira, baina, frankismo garai betean, egoera ez zen onena Euskal Herrian ere, eta Espainiako Gobernuak hartu zuen bere gain Helmholtz organo horien produkzioa. 50 organo egin bai, baina oso gutxi kobratu zituzten hiru lagunek, eta enpresa itxi egin behar izan zuten”.
Eibarren, zazpi organo
50 organo horietatik hemeretzi dauzkate kontrolatuta Alberdik-eta, eta horietatik zazpi daude Eibarren bertan. “Beste bat, berriz, Berriatuan [Bizkaia] dago. Igandero-igandero, martxan egoten da meza ematen dutenean”, jakinarazi du Proiektors taldeko kideak.
Hammond organoaren erreplika bat zenez, Hammond-Helmholtz antzeko soinua zeukatela-eta, horregatik aukeratu zuten Helmholtz izena. “Elektromagnetismoaren inguruan bazegoen Alemaniako fisikari bat, Hermann von Helmholtz, eta horrexegatik aukeratu zuten izen hura”.