Arabako trenbideak

Espainiako Gobernuak trenbideen azpiegiturak hobetzea ontzat jo dute trenaren aldeko Arabako plataformek

200.000 euroko diru saila esleitu diote proiektuari Espainiako Gobernuko aurrekontu egitasmoan. Trenbideko garraioen kudeaketan «urrats handia» egin dela esan dute plataformek.

Lautada eta Arabako Haranak Trenaren Alde plataformetako kideek prentsaurrekoa eskaini dute. BERRIA
unai etxenausia
2021eko azaroaren 26a
13:19
Entzun

Aste honetan, Espainiako aurrekontuen zuzenketa partzialen bozketa egin da. Zuzenketa horietako batek 200.000 euroko diru saila esleitu dio Burgosen (Espainia) hasi eta Araba eta Nafarroa zeharkatuta Zaragozaraino (Espainia) doan trenbide azpiegitura hobetzeko proiektuari. Lautada eta Arabako Haranak Trenaren Alde plataformetako kideek adierazi dute «urrats handia» egin dela trenbideko garraioen kudeaketan. Izan ere, Adifen eta Renferen sindikatuek, eta Arabako, Nafarroako eta Burgosko plataformek orain arte eskatu dutena babesten du erabakiak. Are, Arabako plataformetako kideek esan dutenez, jarraipena ematen dio ardatz atlantiko-mediterraneoko beste zati batzuetan egindako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren trenbide politikari.

Plataformakoek argi daukate trenbide linea berriak egin baino daudenak egokitu eta hobetu behar direla. «Publikoa eta soziala» izatea eskatu dute. Uste dute trenbidea dela garraio kolektiborik «eraginkorrena eta iraunkorrena», eta Europako Batasunak hori sustatzeko egiten duen apustua babesten dute. Horrez gain, klima krisiari aurre egiteko, «etorkizuneko garraioa» trena izan behar duela nabarmendu dute. «Araban, trena hiltzen ari da pixkanaka. Herrietako geralekuak itxi egiten dira, eta gure geltokietan bidaiatzeko trenak eta haien maiztasunak murriztu egiten dira. Gainera, duela hamarkada batzuetatik ez da funtsezko hobekuntzarik egin trenbidean», erantsi dute.

Ez dira ahaztu abiadura handiko trenaren proiektuaz: Burgos-Gasteiz tartean joango den AHTaren trenbidea egiteko administrazio tramite guztiak geldiaraztea eskatu dute. «Egungo trenbidea hobetzeko inbertsioa AHTaren plataforma berria egitea baino askoz ere begirunetsuagoa da ingurumenarekiko. Gainera, askoz ere ekonomikoagoa da».

Alternatiba aztertzen

AHTaren proiektua gelditu eta «benetako alternatiba bat» planteatzen duen proiektu bat aztertzen ari da oraindik plataforma. Azterketaren helburua da teknikoki bideragarria izango den tren sozialaren proposamen bat garatzea, «eraginkorra eta benetan jasangarria» izan dadin. Besteak beste, baliabide ekonomiko publikoak «aprobetxatzea eta efizientzia lortzea» dute asmo.

Azterlanaren aurrekontua 15.000 eurokoa izango da. Gastuei aurre egin ahal izateko, datozen egunetan dirua biltzeko kanpaina bat irekiko dute. Espero dute azterlana datorren urte hasierarako amaituta egongo dela, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioari eman ahal izateko. Horrez gain, azterlanean jasotako emaitzak, eragile sozial, sindikal eta politiko guztiei azalduko dizkiete, eta atxikitzeko eta babesa emateko eskatuko diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.