auzitegiak

Auzitegi Nazionalak Josu Urrutikoetxea epaitzea ebatzi du

Zaragozako kuartelaren aurka 1987an eginiko erasoaren harira auzipetu dute Urrutikoetxea.

Josu Urrutikoetxea, Parisko Dei Auzitegian, aurtengo otsailean. YOAN VALAT / EFE
jon olano
2021eko azaroaren 25a
17:26
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi du ahozko epaiketa egitea Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiari. Zehazki, 1987an Guardia Zibilaren Zaragozako kuartelaren aurka egindako atentatuari lotuta epaitu nahi dute. Urrutikoetxeak alegazioak aurkeztu zituen auzia artxibatu zedin, baina magistratuek erabaki dute ez dagoela zertan onartu «instrukzio fasean aurkeztu ez denik», uste baitute haren aurkako zantzuak «sendoak» direla.

Azaro hasieran, Urrutikoetxeak ukatu egin zuen kuartelaren aurka eginiko atentatuan ardurarik izan zuela. Urrutikoetxearen aurkako akusazio bat zabalik du Auzitegi Nazionalak, eta epaiketa egitearen aurkako helegitea aurkeztu zuen Urrutikoetxeak. Idatzi horretan, gogorarazi zuen eraso hori ikertu izan dutela aurretik ere, zigor epaiak ere eman zituztela, eta ikerketa horietan ez zela azaleratu Urrutikoetxeak erantzukizunik zuenik. Are gehiago, argudiatu zuen ETAren orduko «ustezko kidetza» erabili dela Urrutikoetxea bera atentatuaren «azken erantzule» bihurtzeko. Gaineratu zuen haren aurkako akusazioaren oinarria Guardia Zibilaren 2001eko txosten bat dela.

Irailaren 1ean, Josu Urrutikoetxea errugabe jo zuen Parisko Zigor Auzitegiko epaileak, eta atzo berriz epaitu behar zuten, 2002 eta 2005 artean ETAko kide izan zelakoan, «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta. Baina, anitzen ezusterako, ezohiko erabaki bat hartu zuen epaileak: epaiketa bertan behera utzi zuen, eta berriz instrukziora bidali sumarioa.

Guztira sei auzi izan ditu Urrutikoetxeak: lau Espainian (bi euroagindu eta bi estradizio eskaera) eta bi Frantzian. Espainian, estradizio eskaerei dagokienez, aurtengo maiatzean, Santiago Pedraz epaileak bertan behera utzi zuen Urrutikoetxea epaitzeko 2005ean zabaldutako autoa. Auto hartan, 1980an Luis Hergueta Gasteizko Michelin enpresako arduradunaren hilketan parte hartu izana egozten zioten, baina akusazio horrek ez zuen heldulekurik, Pedraz epaileak auto batean jakinarazi zuenez: hilketa hura ETA politiko-militarrak (ETApm) hartu zuen bere gain, eta Urrutikoetxea ETA militarreko (ETAm) kidea zen. Hori hala zela baieztatu zuen Pedrazek, Guardia Zibilaren txostenak erreferentziatzat hartuta. Gainera, Barajasko 2006ko atentatuagatik eta Herriko tabernen auziagatik bi euroagindu eskatu zituen Madrilek, baina Barajaskoa atzera bota zuten Frantziako auzitegiek.

Madrilek Parisi bi euroagindu (honek bat atzera bota du: Barajaskoa) eta bi estraditazio eskatu dizkio (Hergueta auzia itxi egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak). Frantziak epaiketa bat egin dio 2011-2013ko elkarrizketa mahaiaz, eta absoluzioa eman du; 2005-2006ko prozesuko auzia instrukziora pasatu du epaileak. Argazkian, Urrutikoetxea 2020ko urriaren 11n, Parisen.

Frantzian, berriz, bi auzi; Parisko Zigor Auzitegiak Urrutikoetxea absolbitu egin zuen irailean, 2011 eta 2013 bitartean ETAren aparatu politikoko kidea izatea, ETAko kide izatea, klandestinitatean bizi izatea eta ETAko kideekin harremanak atxikitzea leporatu eta gero. Irailean bertan, Dei Auzitegiak instrukzio aldira bidali zuen berriro Urrutikoetxearen aurkako akusazio bat: 2002 eta 2005 artean ETAko kide izan zelakoan, «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta epaitu behar zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.