Mantxako kanaleko heriotzen biharamunean, Frantziako Gobernuak migrazioaren afera kudeatzeko baliabideak eta lankidetza eskatu dizkie nazioarteko aliatuei. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen deiak ezintasun sentsazio bat helarazi du, nahikoa tresna ez dituztelakoan migratzaileen bidea gelditzeko helburua betetzeko; horregatik, Europako beste kideei euren artean koordinatzeko beharraz ohartarazi die agintariak, eta iganderako bilkura bat antolatzea lortu du Erresuma Batuko, Belgikako, Herbehereetako eta Alemaniako Barne ministroekin, eta Europako Batzordearekin.
Atzo arratsaldean, 34 pertsonak Erresuma Baturako bidea hartu zuten ontzi puzgarri batean, iparraldeko Calais (Frantzia) ingurutik aterata. Hortik gutxira, arrantzontzi batek zenbait lagun ikusi zituen itsasoan, eta alarma deia helarazi zuen; eremura iristean, erreskate taldeek ia airerik gabeko ontzi bat aurkitu zuten.
Hasieran, Frantziako agintariek 31 hildakoren berri eman zuten, baina gaurko ordu txikietan 27ra jaitsi dute kopurua. Horrekin batera, jakinarazi dute ustez migratzaileei ontzia eman zieten bost trafikatzaile atxilotu dituztela.
Gertakari horren berri izan arren, gaur goizean ere izan dira Erresuma Batuaren eta Frantziaren arteko muga itsaso bidez igarotzeko saiakerak; horietako batzuk arrakastatsuak, 40 lagun zeramatzaten bi ontzik Mantxako kanala pasatzea lortu baitute.
Migrazioaren afera kudeatzea zaila izan da bi herrialdeetako gobernuentzat, eta hori agerian geratu da gaur ere, bi aldeek egindako adierazpenekin; are gehiago kontuan harturik Parisen eta Londresen egungo harremana ez dela egokiena.
Mantxako kanalean izandako heriotzen inguruan, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak iradoki du Frantziak legez kanpoko migrazioa gelditzeko egindako ahaleginek ez dutela «funtzionatzen», eta Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak erantzun dio ahal duten «guztia» egiten ari direla, adibide gisa jarrita atzo 671 saiakera gelditu zituztela.
Steve Barclay Erresuma Batuko Kabinete ministroak, berriz, azaldu du aurten 20.000 ahalegin gelditu dituztela, eta auzi horretan «aurrerapausoak egiten» ari direla; Komunen Ganberan egin ditu adierazpenok, auziaz azalpenak eskatu baitizkiote gobernuari —Erresuma Batuak 60 milioi euroko laguntza eman zion Frantziari bere itsasbazterra zaintzeko—.
Europako Batzordeak, berriz, tonu lasaiagoa izan du Frantziako Gobernuarekin, eta laguntza eskaintzeko prest agertu da, dirua emanez edo mugen zaintzaz arduratzen den Frontexen babesa helarazita. Ylva Johansson Batzordeko Barne komisarioa Darmaninekin hitz egitekoa da gaur, proposamen horiek eztabaidatzeko: «Horixe behar dugula Europaren lankidetza». Horrez gain, baliteke datozen asteetan neurri gehiago iragartzea, Europako Batasuneko Barne ministroak abenduaren 9an baitira elkartzekoak.
Frantziari dagokionez, ikusteko dago gobernuak zer erabaki hartuko duen, Jean Castex gobernuko beste sei ministrorekin mintzatzekoa baitzen eman beharreko pausoez; hedabideen arabera, baliabideak handitzea litzateke aukeretako bat, barkuak eta droneak ugarituta, eta kamera termikoak erabilita.
Ikuspuntu desberdinak
Londresek eta Parisek elkarri egotzi diote 27 migratzaileen heriotza, baina Frantziako presidenteak bi herrialdeen «erantzukizun partekatuan» jarri zuen arreta atzo gauean, bi agintariek izandako telefono deian. Johnsoni adierazi zion «erabateko lankidetza» espero duela, eta eskatu zion auzia ez erabiltzeko «helburu politikoetarako», Eliseoak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Erresuma Batuko lehen ministroak berriz proposatu zion patruila bateratuak egiteko, baina Macronek ezezkoarekin erantzun zion, Johnsonek atzo gauean azaldu zuenez: «Zailtasunak izan ditugu gure aliatuak konbentzitzeko, batez ere frantsesak. Ulertzen dut herrialde guztiek zailtasun askori egin behar dietela aurre, baina guk orain nahi duguna da gehiago egitea, eta eskaintza hori egin dugu».
Halere, Pitri Patel Erresuma Batuko Barne ministroak proposamen bera helarazi dio gaur Frantziakoari, adierazita prest daudela «eremua segurtatzeko beharrezko» neurriak hartzeko: «Bidaia arriskutsu horiek eragotzi behar ditugu. Dei egiten dut nazioarteko ahalegin koordinatu bat egitera». Horrekin batera, agenteak eta zaintzarako teknologia ere eskaini dizkio.
Oraindik ezer adostu ez duten arren, eta ikuspuntu desberdinak izan arren, Macron eta Johnson ados jarri ziren ahaleginak «indartu» egin behar dituztela hildako gehiago izan ez daitezen, eta, Frantziako presidenteak adierazi modura, Mantxako kanala «hilerri bat» bilakatu ez dadin.
IOM Nazioarteko Migrazio Erakundea 2014an hasi zen Mantxako kanaleko heriotzei buruzko datuak biltzen. Mediterraneoan ez bezala, ezohikoak dira Frantzia eta Erresuma Batuaren artean, bi herrialdeetako patruilen zaintzagatik, eta eremua askoz ere txikiagoa delako —32 kilometroko bidea egin behar dute—.
Horregatik, atzo hildakoen kopurua zazpi urteotan izandako handiena da, IOMren arabera; 2018 eta 2020 artean, esaterako, 11 lagun hil ziren kanalean. Aurten, berriz, 7.800 migratzaile inguru atzeman dituzte, eta Calaisen 47.000 saiakera inguru izan dira; iaz, esaterako, 12.000 izan zituzten.