Iparraldean osasun ziurtagiria baliozkoa izateko, hirugarren dosia hartu beharko dute herritarrek

Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak neurri berriak hartuko dituztela iragarri du. Hirugarren dosia 18 urtetik gorako guztiek jartzen ahalko dute.

Olivier Veran, Frantziako Osasun ministroan, gaur egindako agerraldian. THOMAS COEX
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko azaroaren 25a
13:14
Entzun

«Birusa denetan, eta fite hedatzen ari da». Honela hasi du agerraldia Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak. Frantziako Estatuan «bosgarren olatua iritsi» dela dio Veranek, eta «luzeagoa eta zailagoa» izan daitekeela. Konfinamendurik eta etxeratze agindurik ez du ezarriko Frantziako Gobernuak, oraingoz, baina zenbait neurri ezarriko ditu, bihartik aurrera. Hasteko, txertoaren hirugarren dosiarekin eraginkortasuna berriz aktibatzen dela erran du. Hala, lehen dosia hartu eta bost hilabetera egiten ahalko dute hirugarrena, 18 urtetik gorako herritarrek Ipar Euskal Herrian. Larunbatetik hasita hartzen ahalko dute ordua, txertaketa guneetan. Gaitza pasatu dutenek ere, bost hilabetera egiten ahalko dute txertoaren berriztatzea.

Iragarri du, halaber, osasun ziurtagiria aurrerantzean ere baliozkoa izan dadin herritarrek hirugarren dosia jarri beharko dutela, eta urtarrilaren 15era arte izango dutela. Bestalde, orain arte, osasun ziurtagiria eskuratzeko, 48 ordu baino gutxiagoko PCR edo antigeno proba negatibo bat beharrezkoa zen txertatuak ez zirenentzat; bada, epea 24 ordura murriztu du Frantziako Gobernuak. Gainera, osasun ziurtagiria beharrezkoa den lekuetan, berriz ere beharrezkoa izanen da maskara erabiltzea. Departamenduetako prefetek karrikan maskara derrigortzea erabakitzen ahalko dute, lekuko egoeraren arabera.

Lehen hezkuntzan, aldaketak

Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroa ere mintzatu da, eta lehen hezkuntzako protokoloa datorren astetik aurrera aldatuko dela iragarri du. Talde batean positibo bat agertzen delarik, ikasle guztiei eginen diete proba, eta negatibo direnek klasera etortzen segitzen ahalko dute; positibo ematen dutenak bakarrik bakartuko dituzte.

Haurren txertaketari buruz ere hitz egin du Veranek. 5 eta 11 urte bitarteko haurren txertaketari buruzko erabakia hartzeko, Frantziako Etika Batzordearen laguntza eskatuko du Veranek, baita Frantziako Osasun Aginte Gorenarena ere. Frantzian haurren txertaketa onartuko balute, 2022 urte hastapenetik ekingo liokete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.