Musika

Delirium Tremens taldea itzuliko da 30 urteren ondoren

Datorren asteartean prentsaurrekoa emango du itzuleraren berri emateko. Mutrikun (Gipuzkoa) sortutako taldea 1985etik 1991ra bitartean izan zen martxan, eta, tarte horretan, Zarrapo taldearekin konpartitutako disko bat, bi lan luze eta zuzeneko bat argitaratu zituen.

Delirium Tremens taldea, 1990. urtean. BERRIA
mikel lizarralde
2021eko azaroaren 25a
12:40
Entzun

Mauka diskoetxeak eta Last Tour management enpresak jakinarazi dutenez, Delirium Tremens taldea itzuli egingo da, desegin zenetik 30 urte igaro diren honetan. Datorren astean emango dute prentsaurrekoa Bilboko Kafe Antzokian, eta han emango dituzte itzulera horren inguruko argibideak.

Prentsara bidalitako oharrean horrela diote: «1991ko azaroaren 30ean eman zuen bere azken kontzertua Delirium Tremensek. Eta 30 urte hauetan gauzak asko aldatu dira, onerako bezala txarrerako. Bat, guretzat zoritxarrez, inoiz ez da berreskuratu ahal izango, baina 80ko bukaeran eta 90eko hasieran denon bihotzak ukitu eta astindu zituen kresal usaineko rock zuzen eta indartsu honek bizirik jarraitzen du. Oraindik ere! Bai horixe!».

Delirium Tremens 1985ean sortu zuten Andoni Basterretxeak (ahotsa eta gitarra), Juan Jose Iurrita Txufu-k (bateria) eta Javier Bilbatua Billy-k (baxua), eta, hainbat maketa grabatu ostean, 1987an argitaratu zuen lehenengo diskoa Zarrapo taldearekin erdi bana partekatutakoa: Hemen denak berdinak dira (Oihuka). Lan hartan baziren jada Delirium Tremensen kanturik ezagunenetako batzuk bilakatuko zirenak, Ezin leike eta Sua, besteak beste.

1989an iritsi zen taldearen lehenengo diskoa, Ikusi eta ikasi (Oihuka). Diskoa grabatzera sartu baino lehen Txufuk taldea utzi zuen, eta Patxi Irisarri sartu zen haren ordez. Arrakasta handia izan zuen diskoak, besteak beste Laino ilunak, Boga boga, Kaixo eta Ikusi kantuei esker.

[youtube]https://youtu.be/CgJIqnlUjQc[/youtube]

Diskoa grabatu eta berehala Iñigo Muguruza sartu zen taldean, eta Delirium Tremens laukote bilakatu zen. Talde horrekin grabatu zuen estudioko azken diskoa, Hiru aeroplano (Oihuka)

Bilbo zuzenean 91-5-24 (Esan Ozenki) zuzenean grabatutako diskoa izan zen taldeak kaleratu zuen azkena.

Orain dela bi urte, Iñigo Muguruza lagun eta taldekide ohiaren omenez, Bilboko Kafe Antzokian egindako omenaldian berriro itzuli zen oholtzara Delirium Tremens.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.